Dultzaineroek piztu dute sei egunez festa giroa bizirik mantenduko duen suziria

Barren.eus 2022ko abu. 23a, 15:00

Hasi dira sanbartolomeak! Aurten 50 urte bete dituen Elgoibarko Dultzaineroen taldeko hiru kideek piztu dute jaiak ofizialki hasteko txupina. (bideoa)

Hainbat herritarrek Larrain-dantza dantzatu dute Kalegoen plazan, 2018an hasitako ohiturari eutsiz. Plaza jendez gainezka zela aritu dira dantzan, dultzaineroek jo duten musikarekin. Galtzak bete lan eduki dituzte gaurkoan dultzaineroek. Larrain-dantza amaitu eta berehala udaletxeko balkoira igo dira Aitor Nova, Txomin Mujika eta Ricardo Gorriti dultzaineroak, Elgoibarko dultzaineroen taldeak 50 urte bete dituela eta eurei eman baitie Udalak jaiak ofizialki hasteko txupina pizteko ohorea. 13:00ak joteko hiru bat minutu falta zirela pieza bat jo dute balkoitik eta Txomin Mujikak hartu du hitza gero, elgoibartarrei San Bartolome jai onak opatzeko. Hiruren artean piztu dute gerosuziria, eta ohi moduan, festa lehertu da plazako lehen lerroan batu diren gaztetxoen artean. Horien inguruan makina bat herritar elkartu dira jaien hasiera ikustera. Mauxitxa txarangak girotu ditu kaleak gero, bi urteko etenaren ostean sanbartolomeetan egin duten estreinako kalejiran. Segizio luzea izan dute atzetik.
 • Hiruretako txupinazoa
1975. urte inguruan hasitako ohiturari jarraituz, hiruretan puntuan jaurti dute txupinazo "tradizionala" Giza Eskubideen parketik. Ohitura duten moduan, dultzaineroek girotu dute ekitaldia, gaurko protagonista handiek, zalantzarik gabe. Gainera, Guardiako dultzaineroen laguntza izan dute. Aurten, Markel Mujika gazteak, mujikatarren ondorengoetako batek, piztu ditu suziriak. Arratsaldean ere izan da dultzaina doinurik herriko kaleean, Elgoibarko, Iruñeko eta Guardiako dultzainroek girotu baitute erraldoi, buruhandi eta zezen-zikleten kalejira.
 • Kontzertuak Maalan eta Kalegoen plazan
Maalako Gune Askean, berriz, bazkari herrikoia egin dute, eta bazkalostean, Andoni Oilokiegiren kantaldiaz gozatzeko aukera izango dute. Gauerako Debrasband eta Amildegi taldeen kontzertuek girotko dute Maala ingurua. 22:00etan hasiko dira Gune Askeko kontzertuak.
Era berean, Gozategi taldeak Kalegoen plazan emango du kontzertua, 23:00etatik aurrera. (Ikus Asier Gozategik BARRENi emabiko elkarrizketa)

 

 

2022 08 23 BARTOLO bezpera 23 larrain dantza BARREN

2022 08 23 BARTOLO bezpera 23 larrain dantza 2 BARREN

2022 08 23 SAN BARTOLO bezpera txupina dultzaineroak P Elgoibar BARREN

2022 08 23 dultzaineroak txupinazoan

2022 08 23 txupinazoa sanbartolo dultzainmeroak pizten

2022 08 23 BARTOLO bezpera 23 txupinazoa BARREN

2022 08 23 SAN BARTOLO bezpera gazteak mauxitxa txarangan Elgoibar BARREN

2022 08 23 SAN BARTOLO bezpera mauxitxa txaranga Elgoibar BARREN

2022 08 23 SAN BARTOLO bezpera gazteak txarangan Elgoibar BARREN

2022 08 23 BARTOLO bezpera 23 gazteak BARREN

2022 08 23 SAN BARTOLO bezpera 3tako txupina M mugika Elgoibar BARREN

2022 08 23 SAN BARTOLO bezpera 3tako txupina dultzaineroak guardiakoagaz Elgoibar BARREN