Iaz jaiotako elgoibartarrak izan dira sanbartolomeetako zapiak janzten aurrenekoak

Barren.eus 2022ko abu. 22a, 20:26

Azkena ailegatutakoak izan dira festak hasten lehenak gaur, San Bartolome jaien bezperaren bezperan. Era berean, umeek horren gustoko dituzten Elgoibarko erraldoien miniaturak ere aurkeztu dituzte.

Iaz, 2021. urtean, 96 ume jaio ziren Elgoibarren (erroldatutakoak) eta horietako hainbatek hartu dute parte gaur arratsaldean, udal ordezkariek Kultur Etxean egin dieten ongi-etorri ekitaldian. Ane Beitia alkateak ongi etorria eman die, eta ondoren, zenbait zinegotzi eta udal langileen laguntzaz, jaietako zapiak jarri dizkiete haurrei, bihar hasiko diren San Bartolome jaiei aurrea hartuz.

 • Lehiaketetako sari banaketak
Umei zapia jarri aurretik San Bartolome jaien harira antolatu dituen bi lehiaketako sariak banatu ditu Udalak; Jaietako Kartel eta Marrazki Lehiaketakoak zein Kirol Argazkien Lehiaketakoak. Lehenengoan, Jaume Gubianas Escudéren 'Guztion festa' kartela izan da irabazlea. Era berean, sei ume saritu dituzte aurkeztu zituzten marrazkiengatik. 2022ko Kirol Argazkien Lehiaketari dagokionez, hiru lagun saritu dituzte (ikus argazki sarituak hemen). Lehiaketa honetara aurkeztutako hamazortzi argazkiekin osatutako erakusketa ikusgai dago Kultur txeko erakusketa gelan.
 • Aszensio Altzola eta Katalina Ibarra erraldoien miniaturak
Gaurko ekitaldia amaitzeko, Aszensio Altzola eta Katalina Ibarra erraldoien miniaturak aurkeztu ditu Udalak, eta bihartik aurrera salgai jarriko dituzte Azkue Argazkiak eta Pitxintxu dendetan. Hiru erraldoi pare oparitu ditu gaurkoan Udalak. Horietako bat Idoia Ortega eta Gorka Alonso elgoibartarrentzat izan da, Elgoibarko bi erraldoi hauen panpinak sortzeko ideia beraiengandik irten zela aitortu baitie Ane Beitia Alkateak. Jaiei hasiera emango dien txupina piztuko duten dultzaineroek jaso dute bigarren erraldoi parea eta Haritz dantza taldekoek hirugarrena.

Kultur Etxean egin dituzten ekitaldiak amaitu ostean, bertaratutakoek Uxue Alberdik eta Beñat Gaztelumendik gidatu duten bertso-poteoarekin topo egin dute Kalebarren plazan.

Hona, bideoan

 

2022 08 22 jaioberriak zapia sanbatolome elgoibar BARREN

2022 08 22 leiaketak sarituak sanbartolome kartel kirol BARREN

2022 08 22 erraldoiak miniatura danak elgoibar BARREN

2022 08 22 erraldoiak elgoibar miniatura BARREN

2022 08 22 erraldoiak miniatura ane beitia alkatea elgoibar BARREN