Gauez ere, Mauxitxa!

Barren.eus 2022ko abu. 2a, 11:56

Aurtengo jaietarako gogotsu daude Mauxitxako kideak Eta egunez ez ezik, aurten berriz ere irtengo dira gauez kalejiran.

2019a izan zen Mauxitxaren urtea. 50. urteurrena ospatu zuten, eta urtea bera bezalaxe, sanbartolomeak ere bereziak izan ziren Mauxitxako kide guztientzat, bai orduko taldekideentzat eta baita aspaldikoentzat ere. Txiki Eguna izan zen handiena, baina txarangako kideak gehiagorako gogoz zeuden, eta zapatu gauean inprobisatutako kalejira egin zuten. Puro Relajo mariatxien taldeak kontzertua eman zuen Kalegoen plazan, eta haren ostean bildu ziren txarangako musikariak, instrumentuak hartu eta ekin zioten euren lanari. Jaietako gau-festari amaiera eman nahi izan zieten, Iruñeko sanferminetan egiten duten Gaixoa ni moduko bat eginez, eta "sekulakoa" izan zela aipatu dute musikariek. "Zapatua zen, Baserritarren Eguna, eta egun horretan kanpoko jende asko etortzen da Elgoibarrera. Kalea jendez gainezka zegoen, eta denak jarri genituen dantzan".

Gerora etorri zen Koronabirusaren pandemia, eta ospakizun guztiak bertan behera geratu ziren. Bi urtez bertan behera geratu dira sanbartolomeak ere, eta herritarrak bezala, aurtengo jaietarako gogotsu daude Mauxitxako kideak: "Bi urteko etenaren ostean pixkat ahaztuta daukagu jai-giro hori zer den ere, baina badakigu txupinazoaren ondoren jotako lehenengo notaren ostean festan barneratuko garela topera". Eta egunez ez ezik, aurten berriz ere irtengo dira gauez kalejiran, eta gainera egitarau ofizialean sartu dute ekitaldia: "Udalari komentatu genion 2019koa oso ondo irten zela eta ondo iruditu zitzaien". Beraz, duela hiru urteko egoera errepikatuko da aurten ere, eta Baserritarren Egunean, Puro Relajo mariatxi taldearen kontzertuaren ostean, kalejira egingo dute Kalegoen plazatik Maalara arte. Hori izango da aurtengo berrikuntza nagusia, baina aipatu behar da baita ere Gazteen Eguneko goitibeheren ostean egin ohi zuten kalejira ez dutela egingo. Arrazoiak ere eman dituzte: "Gazteen Eguneko eguerdiko kalejira hori nahiko deskafeinatua izaten zen. Gazteak poteoan eta bazkaritarako prestatzen egoten dira ordu horretan, eta kalean ez da jende askorik egoten. Gaueko kalejiragatik ordezkatzea erabaki dugu".
Bi urteko etenaren ostean bereziak izango dira jaiak denontzat, baina Mauxitxa txaranga barruan dauden kide berrientzat are bereziagoa, zain-zain egon baitira jaietan debuta egiteko. Herritarren "Mauxi, mauxi" oihuak sekula baino ozenago entzungo dira aurten.

2022 07 29 txiki eguna sanbartolomeak 2019 mauxitxa kalegoen BARREN