Jaietako egun handia dute gaur Mendaron: Santa Ana eguna. Santa Ana ermitaren bueltan hasi ohi dute gaurkoz festa mendaroarrek, eta berezia izaten da han sortzen den giroa, baina aurten, Garagartzara aldatu dute ospakizuna, Santa Anako ermita ez dagoelako egoerarik onenean.
Azkeneko hamabost urtean hiru aldiz jaitsi dute festa behera, 2009an, 2016an eta 2019an, Santa Ana bueltan luizi bat izan zelako lehenengoan eta eguraldi txarragatik beste bietan. Gaur, 10:30ean abiatuko dira prozesioan Azpilgoetatik Garagartzara eta han ospatuko dute meza, bai eta mezaostekoa ere, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Uxue Alberdi eta Eli Pagola bertsolariekin -Amaia Agirre arituko da gaiak jartzen-.
Santio Eguna ospatu zuten atzo Mendaron. Pilota partidak, Elektrotxufla elektrotxarangaren kalejira, nagusien danborrada eta Zopilotes Txirriaosen kontzertua izan ziren atzoko egitarauko osagai nagusiak.
GAURKO EGITARAUA
- 10:30 Prozesioa Azpilgoetatik Garagartzaraino, txistulariekin.
- 11:00 Meza nagusia, Garagartzan
- 11:45 Bertsolari eta trikitilariekin kalejira
- 18:00 Herri kirolak, frontoian. Binakako aizkolari I. Santana Saria, emakumezkoetan eta gizonezkoetan.
- 19:30 Mielotxin folk taldearen kontzertua musika eta dantza emanaldia
- 22:30 Jaien azkena. Katasorginaren igoera