Herri bazkaria eta pilota txapelketetako finalak, Sigman

Barren.eus 2022ko uzt. 21a, 13:30

Egun berezia da uztailaren 25a Sigmako auzokideentzat, izan ere, egun horretan ospatzen baitzituzten lehen auzoko festak. Aurten ere izango dute festa giroa Santiago Egunaren bueltan.

1962ko irailean inauguratu zuten Sigmako eskola. 4. mailara arteko ikasketak eskaintzen zituzten han, eta auzoko ume gehienek han egiten zituzten oinarrizko ikasketak. 1983an itxi zituzten betirako eskolako ateak, eta gaur egun auzotarren aisialdirako erabiltzen dute eraikina. Sigmako eskola martxan egon zen 21 urteetan 450 ume baino gehiagok ikasi zuten han. 2013an, eskola ireki zutenetik 50 urte pasa zirela-eta, ospakizun jaia antolatu zuten eta 241 lagun batu ziren urte hartako Santiago Egunean. Sigmako eskolan ikasi zuten auzotarrak, auzoan bizi ziren jubilatuak eta Olaso, Lauko eta Aitz Bizkar baserrietako familiak batu ziren. Handik bost urtera, 2018an, berriro batzea erabaki zuten bazkari baten bueltan eta aurten ere antolatu dute berriro elkar ikusteko bazkaria. Zapatu honetan, uztailaren 23an, izango da. Auzoko frontoian batuko dira 11:00etan. Bazkalostean talde argazkia aterako dute eta erraldoiak eta buruhandiak, kupel librea eta musika izango dituzte lagunarteko bazkaria girotzeko.

2022 07 21 sigma elgoibar ospakizuna 2013 auzotarrak

 • Pilota txapelketako finalak, uztailaren 25ean
Bi urtean jokatu gabe egon ostean, Sigmako Pilota Txapelketa antolatu du berriro ere Eulogio Estarta Elkarteak, Alcorta Forging Group enpresaren babesarekin eta Lagunak Pilota Eskolakoen laguntzarekin. Txapelketaren 40. ekitaldia da aurtengoa. Lehen mailako eskuz binakako txapelketan sei bikote aritu dira lehian azken asteetan, eta lau bikotek hartu dute parte beteranoen mailako txapelketan. Horiez gain, emakumezkoen binakako pala txapelketa antolatu dute aurten estreinakoz eta lau bikote ibili dira lehian.
Santiago Egunean, uztailaren 25ean jokatuko dituzte Sigmako pilota Txapelketako finalak, 11:30etik aurrera. Eskuz binakako lehen mailako finalean Txurruka IIk eta Berguak Konde eta Agirrebeñaren aurka jokatuko dute. Beteranoetan, beriz, Berazak eta Telleriak Madariaga eta Zubiria izango dituzte aurkari. Azkenik, pala txapelketan Sonia Tomas eta Iratxe Astigarraga, batetik, eta Maria Badiola eta Yolanda Mateos, bestetik, ailegatu dira finalera.

Ohi duten moduan, Eulogio Estarta Elkarteak doako luntxa eskaini die frontoira hurbilduko diren lagunei.

2022 07 18 sigma pilota txap finalerdia barren felix

2022 07 18 sigma pilota txap finalerdia barren 1

Lotura duten albisteak: