Indarkeria matxistaren kontrako behin-behineko protokoloa eta Etxeratze Kolektiboak, santanetarako

Barren.eus 2022ko uzt. 20a, 14:26

Indarkeria matxistari aurre egiteko, Etxeratze Kolektiboak antolatu ditu Gazte Asanbladak santanetako lehen bi egunetarako, eta indarkeria matxistaren kontra egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako protokoloa Mendarora egokitu dute Udalak eta herriko zenbait eragilek. Behin-behineko protokoloa dela zehaztu dute, urgentziazkoa, uste dutelako herriko eragile gehiagorekin sakonago lantzeko gaia dela.

Festak askatasunez eta errespetuz gozatzeko dira, eta mezu hori azpimarratu dute Mendaron herriko eragileek. Inguruko herrietan gertatu diren erasoen jakitun, hala ere, indarkeria matxistaren kontra egiteko protokoloa ere adostu dute Udalak eta herriko zenbait eragilek, jaietarako. Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako protokoloa Mendarora egokitzen jardun dira, esaterako, Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldekoak, Mendaroko Gazte Asanbladakoak, Arno guraso elkartekoak eta Mendaroko Emakume Migratzaileen kolektibokokoak, Udaleko ordezkariekin (Azaleko argazkian, eragile bakoitzeko ordezkari bat: Dorleta Lazarobaster (EHBildu), Iñaki Arregi alkatea, Eukene Gurrutxaga (Arno guraso elkartea), Maite Mendikute (Gazte Asanblada), Ainara Egiguren (Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldea), Uxue Alonso Berdintasun teknikaria eta Nebgula Gaylan (Emakume migratzaileen elkartekoa).

Prebentzioan jarri dute indarra, baina erasoren bat gertatuko balitz, biktimari nola lagundu, erasoari zer erantzun publikoa eman eta erasotzailearekin zer egin ere jaso dute. Hona hemen, protokoloan jasotako puntu nagusiak:

INDARKERIA MATXISTAREN PREBENTZIOA

  • Alkoholak edo drogek jarrerak deshinibitzen dituzte, baina ez dituzte sortzen. Alkohola edo drogak kontsumitzeak ez du erasoa justifikatzen.
  • Emakumeek nahi duten moduan dute ongi pasatzeko eskubidea. Jaiez gozatzeko moduek, ezta haien jarrera edo egoerek ere, ez dituzte erasoak justifikatzen.
  • Jaiak harreman berriak sortzeko espazioa dira, baina denek onartu behar dute harreman hori.
  • Ezetz beti da ezetz, baina beste era batera ere adierazi daiteke ezetza. Utz nazazu bakean!, ez dut jarraitu nahi! Horrela ez!…
  • Ezezkoa ahoz adierazi daiteke, baina baita gorputzarekin ere.
  • Ez ezazu esan ez zenekiela, edo garbi ez zeneukala. Ezezkoa modu askotan adierazten da. Ez zaitez tematu.

ARRETARAKO JAKIN BEHARREKOAK

  • Emakume bat arriskuan dagoela uste baduzu edo erasotua izan dela esaten badizu, ez utzi bakarrik eta galdetu laguntzarik behar duen.
  • Ez epaitu. Ez egin baloraziorik. Ez jarri zalantzan haren hitza.
  • Bilatu haren konfiantzazko norbait eta enpatia eskaini.
  • Galdetu medikurik behar duen. Salaketa jarri nahi badu, lagundu. Ez behartu.
  • Ez hartu erabakirik haren baimenik gabe.
  • Argi eta garbi esaiozu erasotzaileari haren jokabidearen kontra zaudela. Txosnagunean edo jaigunean gertatzen bada, erasoaren arabera erantzungo dugu. Betiere, erasotuaren segurtasuna bermatuko dugu, erasotzailea kanporatuko dugu eta argiak eta musika itzaliko ditugu beharraren arabera.
  • Ez zabaldu gertatutakoaren inguruko datu edo informaziorik, erasoa jasan duen emakumeari nola eragin deizaiokeen pentsatu aurretik.
  • Arreta zerbitzurako telefonoak, hemen:
         SATEVI (24 orduko zerbitzua): 900 840 111.
         Larrialdiak: 112 (zehaztu beti anbulantzia edo Polizia behar dugun)
         SFUSS (Gizarte larrialdietako zerbitzuen koordinazio zerbitzua): 943 224 411
         Mendaroko Berdintasun zerbitzua: 747 443 681

 

GAZTE ASANBLADAK ANTOLATUTAKO ETXERATZE KOLEKTIBOAK
01:00etan eta 05:00etan etxera taldean itzultzeko aukera eskainiko dute Gazte Asanbladakoek ostiralean eta zapatuan (Kuadrilla Eguna), eta dei egin diete zerbitzu hori baliatu nahi dutenei zein brigadetan laguntzaile aritu nahi dutenei zehaztutako orduetan udaletxe aurrera agertzera.

2022 07 20 etxeratze kolektiboa kartela