Dultzaineroek jaurtiko duten txupinarekin hasiko dira 2022ko San Bartolome jaiak

Barren.eus 2022ko uzt. 19a, 12:53

Abuztuaren 22tik 28ra ospatuko diren 2022ko San Bartolome jaietako egitaraua aurkeztu dute Elgoibarko Udaleko arduradunek eta hainbat herri eragilek. 215.000 euroko aurekontua izango dute, 2019an baino ia 7.000 euro gehiago.

Bi urtean ospatu gabe egon ostean, lehengo bidetik itzuliko dira 2022ko San Bartolome jaiak. Aurten 50 urte bete dituen Elgoibarko Dultzaineroen taldeko kideek piztuko dute San Bartolome jaiei hasiera emango dion txupina, abuztuaren 23an. Aurtengoan jarraian izango dira festa egun guztiak.

"Adin eta gustu guztietarako" 80 ekitaldiz osatutako egitaraua aurkeztu dute gaur Ane Beitia Elgoibarko alkateak, Andrea Arriola kultura zinegotziak eta hainbat herri eragilek. 
Festetan ohikoa den moduan musikak protagonismo handia izango duela aurreratu dute. Gozategi, Zea Mays, EME (Elgoibarko Musikarien Elkartea), Puro Relajo, Kantu Kolore edo rockalean izango dira festak musikaz girotuko dutenak. Kale ikuskizunak eta kalejirek ere badute lekua egitarauan: Mauxitxa txaranga, Baltzola eta lagunak, Psicoclown, Trapu Zaharra edo Zirika Zirkusen emanaldi eta ikuskizunez gozatzeko aukera izango da. "Azpimarratzekoak ere Larrain dantza eta bisita gidatuak, zeinak egonkortu egin diren", azaldu du Andrea Arriolak.
Sokamuturra ere bueltan da eta hiru egunetan egingo dute, abuztuaren 25ean, 26an eta 28an. Azkenengo hori, domekan dela-eta, King-Kong-etik abiatuko da Maalatik beharrean.
Limousin Txapelketa ere egingo dute Baserritarren Egunean. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak jokatzen dituzte Elgoibarren, txandaka, eta Euskadikoa izango da aurtengoa. Baserritarren Egunean ohikoak diren sagardo lehiaketa eta dastaketa, gazta lehiaketa eta bertsolarien saioa ere ez dira faltako.

 

 • Txiki Egunean pilota partidarik ez
Kirol jarduerei dagokionez, esku-pilota, herri kirolak, txirrindularitza eta futbola izango dira jaietan. Bada berrikuntzarik profesionalen arteko esku pilota partiduei dagokionez. Abuztuaren 24an eta 26an jokatuko dituzte. Hortaz, Txiki Egunean ohikoa zen pilota jaialdia egunez aldatu dute. Txiki Eguneko bazkaria oso berandu izaten dela-eta gero eta jende gutxiago joaten zela frontoira arrazoitu dute udal arduradunek, eta egunez aldatzea erabaki dute. Abuztuaren 26ko jaialdia 22:0etan hasiko da, telebistaz zuzenean ematekoak direla-eta. Herri kirolek ere izango dute lekua. Batetik, San Bartolomeetako 22. Harri-Jasotze Txapelketa jokatuko dute Baseritarren Egunean (abuztuak 27); eta, bestetik, Herri Kirolen Taldekako Triatloia jokatuko dute, estreinakoz, Gazteen Egunean. Herri kirolari emakumezkoak lehiatuko dira. Etxaniz Memoriala txirrindularitza lasterketa beteranoaren ekitaldia ere jokatuko dute jaietan, baina Bezpera Egunean izan beharrean jaietako azken egunean, abuztuaren 28an, izango da.


 • "Herritarrei eskainitako jaiak"
Elgoibarko alkate Ane Beitiak nabarmendu du urte gogorrak bizi izan ditugula, eta garai honen ostean, berriz ere ohiko moduan ospatuko ditugula jaiak. "Aurtengo jaiak herritarrei eskainiak izatea nahi dugu eta denontzako jaiak izatea. Adin eta gustu guztietarako ekintzak ditugu eskuartean, egun batzuetan, urte osoko kezkak alde batera utzi, eta gure artean izango direnekin batera, garairik dibertigarriena eta gozagarriena bizitzeko aukera izan dezagun". Herri eragileek egiten duten lana azpimarratu du alkateak. "Eskua artean duzuen jai egitaraua herriko talde eta elkarteekin izandako elkarlanaren emaitza da. Herritar askok zein udal langileek egingo dute lan guztiok jaiak zoriontasunean goza ditzagun. Izan daitezela irribarre zabalaz ospatzeko egunak, erantzukizunez, zuhurtziaz eta elkar errespetatuz, inolako indarkeriarik gabe", adierazi du.


 • 215.000 euroko aurrekontua
Elgoibarko Udalak 215.000 euroko aurrekontua bideatu du jaiak antolatzeko, 2019an baino ia 7.000 euro gehiago; eta, gogora ekarri dute 2019ko aurrekontu hura aurreko urtekoa baino 45.000 euro gehiagokoa izan zela.

 

 • Herritar guztientzako jaiak
Udalak, elgoibartar guztien parte-hartzea bermatzeko helburuarekin, hainbat neurri hartu ditu:

  • Hainbat jardueratan lehenengo ilara gordeko da gurpildun aulkiak erabiltzen dituzten pertsonentzat.
  • Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara ez da musikarik jarriko barraketan, entzumen hipersentsibilitatea duten pertsonek ere barraken guneaz gozatzeko aukera izan dezaten.  
  • Lekueder parkea buruhandirik gabeko gunea izango da, beldurra duten umeek zein babeslekuren bat behar duten pertsonek toki lasai bat izan dezaten.
  • Txiki egunean, Bolatokiko parkea eta Mintxetako igerilekuak ardo zipriztinik gabeko guneak izango dira, egun hau ardo gabeko espazioetan bizi nahi duten pertsonentzat.

 

EGITARAUA: Elgoibarko Udalak datozen egunetan banatuko du egitaraua Elgoibarko etxe guztietara.