San Anton Eguna izan zen domekan, hilak 17, eta hori dela-eta, gaurkoa jai eguna izan da elgoibartar askorentzat, tartean herriko ikastetxeetako iklasleentzat. Taberna eta komertzio gehienak itxita eta kaleak hutsik izan dira gaur. Asteburuan, baina, jende gehiago ibili da San Anton jaien harira antolatutako ekintzetan. (argazkiak dauzka)
Poloniako argiak erakusketako artelanak piztearekin batera hasi ziren San Anton jaietarako antolatutako ekintzak barixakuan (ikus bideoan). Gero, gauean, Mozkorrak parregarri opera ikusteko aukera izan zen Herriko Antzokian, eta kirolzaleek ere izan zuten non gozatua, San Anton pilota txapelketako finalak jokatu zituzten-eta Ikastolako frontoian.
Promesa mailako finalean Salaberriak eta Arangurenek osatutako bikoteak 22-14 irabazi zion Lerenari eta Salaverriri. Nagusietan, berriz, Errandoneak eta Martinezek osatutako bikoteak Ugalde eta Murgiondoren aurka jokatuko behar zuen, baina Andoni Ugalde pilotari oiartzuarrak auto istripua izan zuen partida jokatzera zetorrenean, Donostia parean, eta jasotako kolpeen ondorioz ezin izan zuen jokatu. Beste inori deitzeko astirik gabe, ordezko pilotari bat topatu behar izan zuten Lagunak pilota eskolakoek. Promesa mailako finala jokatu -eta irabazi- zuen Salaberria pilotari goizuetarrari aukera ematea erabaki zuten. Murgiondo azpeitiarrarekin batera jokatu zuen bgau berean jarraian jokatzen zuen bigarren partida, eta 17-22 galdu zuten Ander Errandonea eta Iñigo Martinez beratarrek osatutako bikotearen aurka.
Zapatuan Altzolatarren Dorretxea filatelia elkarteak antolatu duen zigilu erakusketa inauguratu zuten. Aurtengo ediziorako prestatutako zigilu-marka berezia ere aurkeztu zuten. Aurten beteko dira 300 urte San Bartolome Parrokian lehen meza eman zutela eta hori hartu dute gaitzat. Bi zigilu berezi ere izango dira; Parrokiaren irudiarekin bat eta Frantziskotarren komentuarenarekin bestea, biak Yulen Zabaletarenak. Urtarrilaren 24ra arte egongo da ikusgai Kultur Etxean. Asteko egunetan 18:30etik 20:30era. Jai egunetan, berriz, 12:00etatik 12:00etara eta 18:30etik 20:30era.
Umeek ere izan dute non gozatua sanantonetan. Umeentzako parkea egon zen zapatuan eta erraldoi, buruhandi eta zezenzikleten kalejira egin zuten domeka arratsaldean, dultzaineroen laguntzarekin.