Hemen dira San Anton jaiak

Barren.eus 2016ko urt. 15a, 11:58

San Anton jaietan askotariko ekintzak egongo dira herrian: erakusketak, kirola, umeentzako jarduerak, antzerkia, musika eta baita biak batuko dituenik ere (egitaraua dauka)

2016 01 14 san anton egitarauaGaur, hilak 15, Poloniako argiak erakusketa inauguratuko dute Kalegoen plazan, 19:00etan. Gero, Mozkorra parregarri, euskara hutsean emandako lehen opera komikoa izango da 20:30ean Herriko Antzokian. Gaur gauean jokatuko dira era berean, San Anton pilota txapelketako finalak, Ikastolako frontoian (21:30). Finalak hasi aurretik Elgoibar eta Mendaroko lau pilotarik erakustaldi partida jokatuko dute: Igor eta Iker Txurruka anaiek Felix Conde eta Aitor Agirrebeñaren aurka. Promesa mailako finalean Salaberriak eta Arangurenek Lerena eta Salaverri izango dituzte aurrez aurre. Nagusietan, berriz, Errandoneak eta Martinezek osatutako bikoteak Ugalde eta Murgiondoren aurka jokatuko du.

•Zigilu-marka berezia

Bestalde, urteroko ohiturari eutsiz, aurten ere Altzolatarren Dorretxea filatelia elkarteak zigilu erakusketa antolatu du. Zigilu-marka berezia ere prestatu du. Aurten beteko dira 300 urte San Bartolome Parrokian lehen meza eman zutela eta hori hartu dute gaitzat. “Urtero zigilu pertsonalizatua kaleratzen dugu ahal dela herriko gai batekin: erreminta makina, Ikastolaren urteurrena... Bestela naturako irudiren bat”, dio elkarteko Iñaki Armendarizek. 

Bi zigilu berezi ere izango dira; Parrokiaren irudiarekin bat eta Frantziskotarren komentuarenarekin bestea, biak Yulen Zabaletarenak. Gutunazal eta postal banatan jarri eta erakusketaren lehen egunean markatu ahal izango dira. Erakusketak askotariko gaiak batuko ditu, asko erlijioarekin lotuak: Loiola eta Xabier, Espainiako monasterio eta santutegiak, Erromanikoa, errosarioak... Urtarrilaren 16an, zapatuan, 12:30ean inauguratuko dute erakusketa eta 24ra arte egongo da ikusgai Kultur Etxean. asteko egunetan 18:30etik 20:30era. Jai egunetan, berriz, 12:00etatik 12:00etara eta 18:30etik 20:30era.

2016 01 11 zigilu marka berezia

2016 01 11 zigilu marka berezia1