Bengoetxea Lastiri 2021. urteko gazta txapelduna

Barren.eus 2021ko abe. 31a, 14:35

Urtero Gabon Zaharreko ferian egin ohi dute Urteko Gazta Txapelduna aukeratzeko lehiaketa eta aurten, feria bertan behera utzi duten arren, aurrera egin du gazta txapelketak. Kalamua elkarteak eta Elgoibarko Udalak antolatutako sariketa honen 13. edizioa izan da gaurkoa eta bederatzi gaztagilek hartu dute parte, guztiak aurten beste txapelketaren bat irabazitakoak.

Epaile lanetan sukaldariak eta Idiazabal jatorri izendapeneko ordezkariak izan dira: Josu Mugerza, Pili Manterola, Alberto Sanchez, Carmen De la Vega, Agustin Irusta, Jexus Artola, Maider Oleaga, Xabier Osa eta Mireia Alonso. Kalamuako hainbat bazkidek gerturatutako gaztak dastatu eta zaporea, testura, usaina, itxura eta kalitatea hartu dituzte kontuan epaileek. Gazta gehienak berdin samarrak zirela esan dute epaile gehienek, baina bakoitzaren nortasuna hartu dute kontuan azken erabakia hartzeko orduan.

Aurten saridun bakarra izan da txapelketan eta Imanol Artola aurkezleak eman du honen berri: Bengoetxea Lastiri gaztandegia. Bertako sendia izan da udaletxean saria jasotzen Kalamua elkarteko presidente German Telleriaren, Ane Beitia alkatearen eta Iñigo Loiola nekazaritza zinegotziaren eskutik. 1.500 euroko diru saria, txapela eta eskuz egindako kaikua jaso dituzte irabazleek eta beren gaztak zer duen galdetuta tokiko gauzek ematen dioten ukitua eta egindako lana aipatu ditu gaztandegiko kideak.

Gazta lehiaketako ARGAZKIAK.