Kontzezio Azoka bertan behera lagatzea erabaki du Mendaroko Udalak pandemiaren bilakaera ikusita

Barren.eus 2021ko aza. 23a, 12:55

Abenduaren 8an ziren egitekoak aurtengo Kontzezio Azoka Mendaron, baina bertan behera utzi dute.

"Covid-19 pandemiaren egungo egoerak eragotzi du azoka ospatzea. Izan ere, Udalak bat egiten du gaur egun dauden prebentzio neurriekin: jende pilaketak saihestu nahi ditugu, herriko egoera okerrera joan ez dadin", adierazi dute Mendaroko Udaleko arduradunek. Jaurlaritzak atzo eguneratu zituen datu epidemeologikoen arabera, Mendarok 851,06ko intzidentzia-tasa du.

Ildo beretik, Eibarko Udalak ere gaur bertan jakitera eman du San Andres jaietako egitaraua bertan behera lagatzea erabaki dutela. Izan ere, hainbat herritako udalak hasi dira programatutako azoka, jai eta bestelako ospakizunak bertan behera uzten edo atzeratzen, Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren hedapena murrizteko asmoz hartutako neurri berrien harira.

2019an egin zuten azkenengoz Mendaroko Kontzezio Azoka.