Arimen Gaua, irudietan

Barren.eus 2021ko aza. 2a, 16:30

Urtetik urtera indarra hartzen, -edo berreskuratzen- ari dira Arimen Gauaren bueltako ospakizunak zein ohiturak, eta Elgoibarko zein Mendaroko kaleetan ere igarri da.

Ameriketako Halloween festarekin lotzen dute askok egun hau, baina arimen gauak tradizio luzea dauka Euskal Herrian ere. 1950eko hamarkadara arte herri askotan bizirik iraun zuen eta ohikoa zen kalabazak edo arbiak hustu eta aurpegi itxura ematea. Barruan kandela txiki bat jartzen zioten, bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko. Garai hartako ohitura horiek ezagutzera emateko helburuarekin batu dira hainbat eragile Elgoibarren, eta aste osoan zehar aritu dira ume zein gazteekin ekintzak egiten.

Joan den barikuan dantza parte-hartzaileak izan ziren Kalegoen plazan Haritz dantza taldekoen eskutik. Zapatuan familientzako gaztaina eta mozorro tailerra egin zuten Kultur Etxe parean; eta, domekan ‘Ziri edo sari’ eske kalejiran parte hartu zuten gaztetxoek, eta hainbat establezimendutan aritu ziren kantuan edo esaldiak errezitatzen, goxokien truke. Gero, Maalako parkean egin zuten amaierako ekitaldia, musikarekin lagundua. Elgoibarko Izarra, Udala, udal liburutegia, udal ludoteka, udal gaztelekua, Haritz dantza taldea eta Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolak antolatu dute programazio guztia.

Mendaron, bestalde Udal Ludotekak eta Gaztelekuak eta Arno Guraso Elkarteak antolatu dituzte ekintzak. Astean zehar jardun dira Gaztelekua eta Ludoteka apaintzen, eta barikuan mozorro desfilea egin zuten ludotekan. Zapatuan, berriz, mozorro lehiaketa egin zuten gaztelekuan. Domekan, azkenik, Arno Guraso Elkarteak Udalaren laguntzarekin antolatuta, umeentzako jolasak egin zituzten frontoian eta bertaratu ziren guztiak zur eta lur laga zituen haitzulo beldurgarria zabaldu zuten Garagartzako elizpean.

 

2021 11 02 arimen gaua elgoibar barren maalan

2021 11 02 arimen gaua elgoibar barren

2021 11 02 arimen gaua mendaro sorgina barren

2021 11 02 arimen gaua mendaro sorgina haitzulo beldurgarria barren

2021 11 02 arimen gaua mendaro sorgina haitzulo beldurgarria barren b1

2021 11 02 arimen gaua mendaro taldearg barren