Iazko etenaren ostean, Gabonetako ekintza nagusiak antolatuko dituzte berriro

Barren.eus 2021ko urr. 21a, 12:59

Covid-19aren bilakaera hobetu den heinean, Elgoibarko Udala kultur egitaraua berreskuratzen hasi da, eta aste honetan iragarri dute Eguberrietako hainbat ekintza berreskuratuko dituztela aurten.

Besteak beste, Atxutxiamaikarekin elkarlanean Olentzeroren kalejira antolatuko dute abenduaren 24rako, Gabon Zahar Feria ere egingo dute abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean Errege Magoen desfilea egongo da. Gabon Zahar Ferian saltokia jarri nahi dutenek azaroaren 26ra arteko epea dute izena emateko. Interesatuek www.elgoibar.eus atariaren bitartez eman beharko dute izena, Udalaren egoitza elektronikoan. Udalak Feriarako araudia ere sortu du.

 • Tonbola ere bai
Elgoibarko Izarra kultur elkarteak ere Tonbola antolatzea erabaki du. Abenduaren 24an egingo dute, Kalegoen plazan. Herriko komertzio, ostalari eta enpresen laguntzarekin osatzen dute tonbola, eta jakinarazi dute laster hasiko direla opariak eskatzen.

2021 10 21 tonbola elgoibar izarra 2019

 • Gabonetako argiak
Herriari Gabon itxura emateko, argiak jarriko dituzte aurten ere, eta dagoeneko hasi dira argiak jartzeko aurrelanak egiten. Abenduaren 3an piztuko dituzte.

 • Erakusleihoen lehiaketa
Herriko saltokietako kontsumoa sustatu eta Gabonetan zehar kaleak animatzeko asmoz, Gabonetako Erakusleihoen Lehiaketaren bigarren ekitaldia antolatu du Elgoibarko Udalak. Gaia Gabonak izango da, eta edozein establezimenduk hartu dezake parte. Udalak Gabonetako objektu berbera emango die parte hartzen duten establezimendu guztiei, eta objektu hori erakusleihoan egon beharko da, establezimendu bakoitzak diseinatzen duen dekorazioaren artean. Parte hartu nahi duten erakusleihoek abenduaren 9an egon beharko dute jarrita, eta 2022ko urtarrilaren 6ra arte ezin izango da dekorazioa aldatu. Abenduaren 9, 10 eta 11 bitartean erakusleiho guztiei argazkiak aterako dizkiete Udalaren webgunean jartzeko. 2021eko abenduaren 14tik 2022ko urtarrilaren 6ra bitartean, herritarrek erakusleiho gustukoenak bozkatuko dituzte Udalaren web orriaren bidez. Lehen saria 300 eurokoa izango da, bigarrena 200 eurokoa eta herritarren saria 100 eurokoa. Iaz 30 establezimenduk hartu zuten parte eta Ortopedia Sarasketa eta Noa saritu zituzten.