Santanarik ez, baina jai ukitua eman diete egunoi Mendaron

Barren.eus 2021ko uzt. 26a, 09:22

Pandemiaren eraginez, aurten ere ez dute santanarik izan Mendaron, eta Udalak jaien ordez antolatutako kultur egitarautik ere jausi dira bi ekintza, koronabirusagatik.

Atzo esaterako, ez zen emakumeen pilota txapelketako partida jokatu, pilotarietako batek positibo eman zuelako COVID-19aren proban, eta Errietan musika taldeak atzo iluntzean ematekoa zuen kontzertua ere bertan behera gelditu zen, arrazoi beragatik. Hala ere, izan dira gauzak asteburuan eta gaur, uztailak 26, Santa Ana egunez ere, izango da kultur ekitaldirik.

 

 • Padeleko txapelak Elgoibarrera eta Eibarrera
 Jaietan behar luke Mendarok, eta giroa usaintzen bada ere, ez da ohiko jai-egunetako konturik, ezta urrutitik ere. Zapatu goizean padel txapelketako finalak jokatu zituzten Andoneikuako kantxan. Bi final jokatu zituzten: nagusia eta kontsolaziokoa. Final nagusian, Gorka Gurrutxaga eta Alex Santiago bikote eibartarrak Iker Martinez eta Iker Sanchez bikote elgoibartarra izan zuen aurkari, eta elgoibartarrak nagusitu ziren. Kontsolazioko finalean, berriz, Axular eta Luken Agirregabiria mendaroarrak lehiatu ziren, Juantxo Lopez eta Luis Alfajeme eibartarrarren kontra, baina sariak Eibarrera egin zuen ihes. 

2021 07 24 Padel txapelketako finalistak Mendaron

Arratsaldean, dantza garaikidea ikusi ahal izan zuten frontoira gerturatu zirenek. Myriam Perez Cazabon dantzari eta koreografoaren 'Nire azalean arrotz' eta Oihana Vesga eta Nerea Gurrutxaga dantzarien eta koreografoen 'Leiho zikin, zeru garbi' dantza piezez gozatu ahal izan zuten zehazki. Frontoian, gehienez, 170 lagunentzako lekua zegoen, baina ez zen aparteko jendetzarik batu. Dantzaldiaren ondoren, musikak hartu zuen protagonismo osoa. DJ Pius herriko dj gaztearen saioak zabaldu zuen arratsaldeko musika eskaintza, 17:00etan, eta ondoren, 18:00etan, Saia Goait talde mutrikuarrak hartu zion lekukoa. Garagartzako plazan aulkiak jarri zituen Udalak, edukiera zaintzeko, baina han ere ez zen arazorik izan espazio kontuengatik. Publiko gutxi eta egun argiz, baina hala ere, dena emanda aritu ziren Saia Goaitekoak eta sekulako giroa jarri zuten. 

Domekan, umeek hartu zuten protagonismo osoa. Goizean, txirrista handia jarri zuten Azpilgoetan, Intxarbakuntzako aldapan goitik behera artekoa, eta gogotik gozatu zuten haurrek eta haien etxekoek. Ordu berean, puzgarriak ere izan zituzten ikastolako patioan. Azpilgoetan jartzekoak zituzten berez, baina euri arriskuagatik ikastolako jolastokira aldatu zituzten lekuz. Hala ere, itxi aurretxoan hasi zuen euria. Arratsaldean, pilota partidak izan ziren frontoian. Mendaroko Txirrindulari Elkarteak sortutako pilota eskolako gaztetxoak aritu ziren nor baino nor: Lizar Ezenarro, Oinatz Arriola, Unax Ezenarro, Haritz Zubiaurre eta Luken Zulaika. Bi partida jokatu zituzten: binakako bat eta buruz buruko bat. Binakakoan, bikotea osatu zituzten Lizar Ezenarrok eta Oinatz Arriolak batetik, eta Unax Ezenarrok eta Luken Zulaikak, bestetik, eta 22-16ko emaitzarekin irabazi zuten lehenengoek. Buruz burukoan, Luken Zulaika eta Haritz Zubiaurre jardun ziren, eta Zulaikak 22-16ko emaitzarekin irabazi zion Zubiaurreri. Gaztetxoen ondoren, emakumeen pilota txapelketako partida zen jokatzekoa, baina bertan behera gelditu zen, pilotarietako batek positibo eman zuelako COVID-19aren proban. 

 • Bertso saioa eta Las Divas del Soul kantaldia
Gaur, berriz, Santa Ana eguna da Mendaron, egun handia, pandemiagatik izan ez balitz. Egun osoko jaia izan ohi da gaurkoa, baina gaur, bi ekitaldi nagusi  izango dira, biak ere frontoian: 12:30ean, bertso saioa, eta arratsaldean, 18:00etan hasita, Las Divas del Soul kantaldia. Bi ekintzotarako sarrerak eskuratu behar dira. Ostiralera arte Lagun Betikoak tabernan eta udaletxean jaso ahal izan ziren, baina gaur, frontoian bertan eskuratu ahal izango dira azkenak. Gehienez 170 lagunentzako lekua izango da. Bertsotan, Andoni Egañak, Uxue Alberdik, Sebastian Lizasok eta Eli Pagolak jardungo dute, Amaia Agirre jai-jartzailearen esanetara. 

2021 07 25 Txirrista azpilgoetan

2021 07 25 MTE Pilota eskolakoen erakustaldia1

2021 07 25 MTE pilota eskolakoen erakustaldia