Jai giroa somatu da beti-betikoak izan ez diren trinitate jaietan

Barren.eus 2021ko mai. 31a, 10:40

Ez dira beti-betiko trinitate jaiak izan Elgoibarren, jendetza handiak batzeko ospakizunak kendu egin baitituzte egitarautik, pandemia dela-eta. Hala ere, antolatutako ekitaldietan batu da jendea eta igarri da jai giroa.

 Musikak eta azokek jantzi dituzte aurtengo Trinitate jaiak Elgoibarren. Herriko nekazarien produktuak erosteko aukera izan zuten herritarrek zapatuan, Aita Agirre plazan egin zuten nekazal azokan. Debemen elkartekoek produktuz osatutako otar bat ere zozkatu zuten azokan erosketak egin zituzten herritarren artean, eta Regina Arrietak eraman zuen otarra.

2021 05 29 trinitate azoka saritua regina arrieta debemen
Domekan, Trinitate Egunean, Udal Txistulari Taldekoen Dianarekin hasi ziren ekitaldiak. Kalegoen plazan talde argazkia atera eta pieza bat jo ostean, bi taldetan banatuta zeharkatu zituzten herriko kale eta auzoak. Musikak Udal Musika Bandak eman zuen kontzertuarekin izan zuen jarraipena. Jendez gainezka egon zen Kalegoen plaza. Izan ere, bandako jarraitzaileek ezin izan dute Banda zuzenean entzun azken zazpi hilabeteetan, joan den urteko urrian eman baitzuten azken jendarurreko kontzertua. Kontzertuaren amaierarako ezusteko txiki bat gorde zuten. Egitarauan ez zetorren arren, Txomin Mujikak konposatutako 'Beti Elgoibar" pieza jo zuten, Trinitateetako danborrada gogoan. Atabal elkarteko zazpi kideren laguntza eduki zuten.

Goizean zehar artisau azoka egon zuten Aita Agirre plazan. Karpa barruan egon ziren artisauak eta karparako sarrera eta irteera kontrolatuta egon zen, jende pilaketak sahiesteko.

 2021 05 30 trinitate jaiak elgoibar banda tanborrada

2021 05 30 trinitate jaiak elgoibar artisau azoka aitagirre

2021 05 30 trinitate jaiak elgoibar artisau azoka

2021 05 30 trinitate jaiak elgoibar banda panoramikoa

2021 05 30 trinitate jaiak elgoibar udalmusikabanda

2021 05 30 trinitate jaiak elgoibar txistulariak

∞Lotura duten albisteak: