Plazako su handiaren ordez, su txikiagoak piztuko dituzte aurten Mendaron, auzoetan

Barren.eus 2020ko eka. 15a, 09:16

Akelarrea iragarri du Mendaroko Udalak San Joan bezpera gauerako. Koronabirusa dela eta ez dela, baina, aldaketa batzuk izango ditu aurtengo jaiak. Kalejira herriko auzo guztietara zabalduko dute Aker eta bere segizioak, eta su handi baten ordez, bost txikiago piztuko dituzte auzoetan. Jendetzak saihesteko, sua etxeko balkoi eta leihoetatik ikusteko eskatu die Udalak herritarrei.

Ekainaren 23an, San Joan bezperaz, egingo dute Akelarrea, ohi legez. 22:15ean hasiko dute kalejira Akerrek eta haren segizioak eta bost su piztuko dituzte, auzoetan: Azpilgoetako zuhaitz bueltan piztuko dute lehenengo sutzarra, eta suaren bueltan dantza egingo dute, zuzeneko musika lagun dutela. Handik, Herriko Enparantzara joango dira, eta han piztuko dute bigarren sua. Herriko Enparantzan ere zuzeneko musikarekin girotuko dute ekitalditxoa. Hirugarren geldialdia Garagartzan egingo dute, Gaztetxe aurreko aparkalekuan, eta suaren bueltan, dantza saioa egingo dute. Ondoren, ludotekako sabaian beste dantza saiotxo bat egingo dute. Martzela Osoro plazan egingo du laugarren geldialdia Akerren segizioak, eta auzoek dantza saioaz eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango dute han ere. Kalejira Mendarozabalen bukatuko dute, suaren bueltan. Sanjoanen atarian, konfinamenduan egindako koronamaloak biltzeko eskaera egin du Udalak, koronamaloak sutan erre nahiko lituzketelako, txar guztiak uxatzeko. Era berean, suak piztuko dituzten bost guneetan, otarrak jarriko dituzte egunean bertan, goizean goiz, herritarrek euren kezka, beldur, desio eta abar guztiak papertxoetan idatzi eta hara bota ditzaten, gauean sutan erretzeko. Jai honen harira, ohartarazpen bat eta bi gomendio zabaldu dituzte Udaletik: Batetik, jakinarazi dute debekatuta egongo dela beste surik piztea herrian. Bestetik, Akerri ongi-etorria egiteko, leiho eta balkoiak kandelaz apaintzeko deia egin diete herritarrei eta azkenik eskaera bat ere egin dute: jaiaz etxetik gozatzeko. Mendaroko Udalak, Ludotekak eta Gaztelekuak antolatu dute jaia, elkarlanean.

2020 06 22 kartela san joanak mendaro

2020 06 15 san joan sua mendaro2017