Koronabirusagatik ezhoikoak izango diren trinitateetako egitaraua aurkeztu du Udalak

Barren.eus 2020ko mai. 28a, 20:17

Trinitate jaietako ohiko ekitaldiak bertan behera geratu diren arren, koronabirusak eragindako krisiari egokitutako jai-egitaraua prestatu du Elgoibarko Udaleko Kultura sailak, herriko elkarte eta taldeekin elkarlanean. Hori bai, aurtengoan interneten igarriko dugu trinitate jaiak direla.

Koronabirusa dela eta, modu xumeagoan ospatuko direla aurtengo trinitateak diote udal arduradunek. Kalean egiten diren ohiko ekitaldiak bertan behera geratu diren arren, Udalak aurreko urteetan ospatutako Trinitate jaietako hainbat eduki bilduko ditu udalaren webgunean: aurreko urteetako argazkiak, bideoren bat edo beste, eta artisauen webguneak eta blogak ikusteko aukera ere izango da. Trinitate jaien alde lan handia egin eta orain gutxi hil diren Jesus Mari Azpiazuri eta Joseba Arrizabalagari omenaldi bat ere egingo dietela ere aurreratu du Kultura Sailak. Hori ere Udalaren webgunean ikusi ahal izango da.

2020 05 28 trinitateak 2019 elgoibar arrizabalaga azpiazu

 • Zuzeneko ekitaldiak
Mundu birtualaz aparte, kalera ere ailegatuko da jai giroa, dosi oso txikian bada ere. Udal Txistulari Taldeak Diana joko du Trinitate Egunean, ekainaren 7an, 9:00etatik aurrera, herriko kaleetan. Trinitate Eguneko meza ospatuko dute ondoren, 11:30ean, San Bartolome elizan. Egun berean, 10:30ean, umeen danborrada ere ospatuko dute, baina modu berezian, balkoietatik eta leihoetatik izango baita. Ekainaren 5ean bestalde, Udaletxeko balkoia apaindu egingo dute, eta Elgoibarko bandera haga erdian jarriko da, koronabirusak eragindako pandemiaren biktima guztiei dolua erakusteko.
 • Danborrak egiteko tutoriala
Aurrekoez gainera, Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailak, Ludotekaren bidez, beste hainbat ekimen antolatu ditu. Haur guztiak animatu dituzte danbor bat egitera, etxeetatik trinitate jaiak girotzeko (ikus hemen danborrak egiteko tutoriala). Horretaz gain, eskulanak egitera animatu dituzte herritarrak, balkoiak edo leihoak jaietarako apaintzeko.