Txistulariek botatako txupinazoarekin hasi dira ofizialki santanak

Barren.eus 2015ko uzt. 25a, 16:04

Inoizko txupinazo-jaurtitze jendetsuena izan zuten atzo Mendaron. Txistulariei eman zieten jaiak ofizialki hasteko ardura, eta batu ziren lehengoak eta oraingoak. Agustin Lazarobasterrek, Nuria Ansuategik, Izaskun Jauregik eta Iratxe Egañak hartu zuten hitza txistulari guztien izenean, eta Udalak izandako akordua eskertzeaz gain, atzo arrazoi ezberdinengatik txupinazoan egon ezin izan ziren mendaroarrak eta Mendaroko txistularien maisu izandako Agustin Berasaluze zena oroitu zituzten.

Txupinazoan ziren Agustin Berasaluze zenaren alargun Itziar Lazkano eta bere bi seme-alabak ere: Eñaut eta Aiora. Momentu hunkigarriak bizi izan ziren Katasorgina udaletxeko teilatutik plazara jaitsi aurreko momentu horretan. Txupinazoaren ondoren, iaz jaiotako umeei harrera egin zieten udaletxean bertan. Gauean, berriz, herriko koadrilen arteko playback lehiaketak ikusmin handia sortu zuen ohi bezala, eta Gozategik eta DJak girotu zuten goizaldera artekoa. Gaur, berriz, Santio eguna ospatzen ari dira mendaroarrak.

Argazki bilduma: