Euritan baina giro onean joan da inauterietako azken eguna

Barren.eus 2020ko ots. 25a, 21:04

Barikuan eta zapatuan ez bezala, gaurkoan eguraldiak ez du gehiegi lagundu, baina mozorro festarako oztopo ere ez da izan.

Umeek gozatu dute bereziki inauteri martitzenaz. Herri Eskolakoek lehendabizi, ikastetxeko patioan ospatu baitute inauterietako jaialdia. Ikasturteka irten dira irakasle eta senideen aurrean prestatuta zituzten dantzak egitera. Txokolate beroa eta gailetak janez eman diote amaiera jaialdiari (ikus jaialdiko bideoak hemen). Festak kalean izan du segida. Maalan elkartu dira mozorrotutakoak eta Kantu Kolore berbena taldekoen Honolulu ikuskizunaz gozatu eta parte hartu dute, hainbat dantza eta jolas egitera animatu baitituzte taldekideek Maalan batutakoak. Mauxitxa txaranga ere gerturatu da Maalako estalperaino eta haien atzetik umeek horren gogoko dituzten erraldoiak, buruhandiak eta zezenzikletak.

Euria ari zuela eta, Maalan egon da jai gunea eta kaleak nahiko hutsik ikus zitezkeen, are gehiago aurten ez delako irten urtero ikuskizuna ematen zuen emakumeen koadrila.

•Cholitas filmari "keinu bat"
Goiko argazkian ikus dezakezuen emakume mendizale koadrilak ere badu ohitura inauterietan mozorrotzekoa. Aurten, martxoaren 5ean Elgoibarko Herriko Antzokian (21:30) emango duten filme bateko protagonisten erara jantzi dira. Cholitas izeneko filmeko protagonisten gisan, hain zuzen. Boliviako bost emakume indigenak Aconcagua mendira egindako espedizioaz dihardu Jaime Murciegok eta Pablo Iraburuk zuzendutako filmak. Gona tradizionalak jantzita eskalatzen dute emakumeok eta ahalduntzeko bide gisa planteatzen dute espedizioa. Mendian libre, zoriontsu eta bizirik sentitzen dira, eta bost emakumeon abentura honek emakume izaera inspiratzailea erakutsiko dio munduari, bai eta tradizioa zaintzeko eta ama lurrarekin harremanetan jartzeko bidea ere.

 

2020 02 25 inauteri martitzena elgoibar kantu kolore

2020 02 25 inauteri martitzena elgoibar herrieskola

∞Lotura duten albisteak: