Egitarau zabala Elgoibarko eta Mendaroko inauterietan

Barren.eus 2020ko ots. 19a, 09:47

Elgoibar Ikastolakoen Euskal Inauteriak hasiko du aurtengo kaleko mozorro jaia, barikuan. Egitarau zabala izango dute inauteriek Elgoibarren eta Mendaron.

 Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak egitarau zabala prestatu dute inauteriak ospatzeko. Elgoibarko Ludotekan eguenean hasiko dira karroza prestatzeko lanetan, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Piraten itsasontzi bat egingo dute. Gero, barikuan irtengo dira kalejiran, pirataz mozorrotuta, aurreko egunean egindako karroza eta guzti, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Elgoibar Ikastolak ere Bariku Mehe Egunean ospatuko ditu inauteriak, herriko kaleetara eramango duten Euskal Inauteriarekin. 15:15ean irtengo dira umeak ikastolatik, eta Kalegoen plazara arte joango dira kalejiran, han dantzaldia egiteko.
  • Sinuoseren kontzertu berezia
Sinuösek ere ez du hutsik egingo inauterietako zitan, eta 24. urtez kontzertu berezi bat emango die bere jarraitzaileei bariku gauean. Mozorroak, musika eta inprobisazioa uztartuko ditu zuzeneko emanaldiak, eta urtero moduan sorpresak iragari dituzte. 23:00etan izango da, Kultur Etxeko sotoan.
  • Egun handia, zapatuan
Inauterietako egun handia zapatuan, hilaren 22an, izango da, Elgoibarren eta baita Mendaron ere. Ume, gazte eta helduak mozorrotuta irtengo dira kalera, eta han eta hemen izango dute non aukeratu. Elgoibarren Atxutxikaraokea eta koreografia dantzaldia prestatu dute arratsalderako, eta iluntzean Mauxitxa txarangarekin mozorren kalejira egingo dute. Gauerditik goizaldera arte, berriz, Eibarko eta Elgoibarko gazte parrandazalez osatutako Mugi Panderoa taldearekin erromeria egongo da Maalako parkean. Mendaron ere ez da festa girorik faltako. Eguerdian Bizi Poza txarangakoak irtengo dira kalejiran, eta haien bueltan ibiliko dira herritarrak mozorrotuta. Arratsaldean txokolate jana eta iluntzean Basajaun taldearean dantzaldia egongo da, frontoian. (hona Mendaroko Udalak prestatu duen egitaraua)
Martitzenean iritsiko da inauterien azkena. ELgoibarren 16:45erako jarri dute mozorroen bilgunerako hitzordua. Umeentzako ikuskizuna eta Mauxitxa txaranga ere ibiliko dira kalean. Mendaron ere, musika eta animazio ikuskizuna antolatu dute martitzenerako. (Inauteriak Elgoibarren, egitaraua -PDF-)

2020 02 19 2019 03 02 inauteriak elgoibar kolorea

2020 02 19 2019 03 02 inauteriak mendaro barren

2020 02 19 2019 03 05 inauteriak martitzena elgoibar sirenita

∞Lotura duten albisteak: