Hemen dira santanak

Barren.eus 2015ko uzt. 17a, 09:55

Ofizialki santanak hilaren 24ko txupinazoarekin hasiko badira ere, asteburu hau ere bete-betea dator Mendaron. Izan ere, eta azkeneko urteetako usadioari eutsiz, Koadrilen Eguna ospatuko dute bihar (uztailak 18), jaietako egun nagusi bihurtu dena. (egitaraua dauka) 

Mendaroko Koadrilen Eguna mozorro desfilearekin hasiko dute, bihar eguerdian, eta egunak ohiko osagaiak izango ditu: paella lehiaketa frontoian, herri bazkaria, kalejira Bizi-Poza txarangarekin, goitibeheren txapelketa Azpilgoetako elizatik behera, eta gauean, kontzertuak. Aurten, eta herriko jai batzordera batu diren gazteenen eskariz, moda-modan dagoen taldea ekarri du Udalak: Gatibu, euskal rock musika taldea. Moonlight talde azkoitiarrak egingo dio bidea Gatiburi, 23:00etan hasita. Bi kontzertuak bukatu ostean, DJa igoko da oholtzara eta goizaldera arte luzatuko da plazako musika saioa.

• Haurren eta adinekoen eguna, domekan

Umeen eta nagusien eguna izango da domeka, eta ohi legez Mendaroko trikitilari eskolakoen dantza saioa, gaztetxoentzako pintura lehiaketa, herri-bazkariak [Frontoian, umeena, eta Aizpe elkartean, adinekoena], umeen haur danborrada eta playback gaztea izango dira eguneko ekitaldi nagusiak. 

Eguerdian irtengo dira txikienak dantzara, eta 18:00etan hasiko da danborrada. Bizi-Poza txarangak lagunduta egingo dute haurrek frontoira arteko bidea, eta ondoren, etorriko da playback-a. Bukaeran, goizeko pintura lehiaketako sariak banatuko dituzte. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haur guztiek parte hartu ahal izango dute lehiaketan.

2015 07 17 mendarokojaiak egitaraua

2015 07 17 santanak2014 koadrileneguna