Musika, dantza eta kirola izango dira San Anton jaietan

Barren.eus 2020ko urt. 16a, 13:31

Askotariko ekintzak egongo dira herrian sanantonak ospatzeko. Barikuan egokitu da aurten jai eguna eta asteburu osorako egitaraua prestatu dute.

 Parrokiko Abesbatzak parte hartuko duen mezarekin hasiko dira bihar, San Anton Eguneko ospakizunak. Umeentzako ekintzarik ere ez da faltako, umeentzako parkeaz gozatu ahal izango baitute gaztetxoenek, goizez eta arratsaldez, eta baita erraldoi, buruhandi eta zezenzikleten kalejirarekin ere.
Musikazaleek Emudafek antolatutako kontzertuan gozatu ahal izango dituzte belarriak, Kantabriako Arturo Duo Vital haize boskoteak Herriko Antzokian emango duen kontzertuan. David Tejero elgoibartarra da taldeko kideetako bat. Santanderren bizi da Tejero eta hiriko Udal Musika Bandan oboea joteaz gainera musika irakaslea ere bada Ataulfo Argenta musika eskolan. Elgoibarko Udal Musika Bandarekin ere aritzen da. Emango duten kontzertuari buruzko informazio osoagoa: elgoibarmusika.eus
Aurten Mauxitxa txarangari eskania dagoen zigilu erakusketa ere San Anton Egunean inauguratuko dute.

2020 01 16 san anton jaiak erraldoiak 2019 elgoibar barren

 • San Anton Pilota Txapelketako finalak
San Anton Pilota Txapelketaren 28. ekitaldiko finalak jokatuko dituzte bariku gauean, San Anton Egunean, Ikastolako frontoian. 22:00etan hasiko da pilota jaialdia. Lehen neurketan, promesa mailako bikoteen arteko finala jokatuko dute Alberdi IIk eta Morgaetxeberriak De La Fuenteren eta Apezetxearen aurka. Senior mailako finalean, berriz, Muruak eta Iriondok Elolaren eta Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute. Lagunak Pilota Eskolak eta Udal Kirol Patronatuak antolatzen dute afizionatu mailako pilotarientzako txapelketa. Finalak ikusteko sarrerak bost euroan salduko dituzte.

 • Martin Zalakain eta Itsasoen deiadarra, asteburuan
Asteburuan dantza eta antzerki emanaldiek osatuko dute sanantonetako eskaintza. Batetik, 'Martin Zalakain' ikuskizuna emango dute Olaizaga kiroldegian, zapatuan; eta, bestetik, 'Itsasoen deiadarra' antzerki musikatua, domekan, Herriko Antzokian. Batean zein bestean hartzen dute parte musikari eta dantzari elgoibartarrek. Hona egitarau osoa:

URTARRILAK 17, BARIKUA San Anton Eguna

  • 11:00 Meza Nagusia, San Bartolome parrokian. Abesbatzak kantatuko du.
  • 11:30-14:00 / 16:30-19:30 Umeentzako parkea, Kalegoen plazan. (Euria egiten badu, Sigman).
  • 12:30 San Anton kontzertua: Arturo Duo Vital haize boskotea. Emudafek antolatuta, Herriko Antzokian.
  • 12:30 Zigilu Erakusketa: ‘50 Txiki Elkarrekin’. Kultur Etxeko erakusketa gelan.
  • 17:30 Erraldoi, buruhandi eta zezenzikleten kalejira, herriko dultzaineroekin.
  • 22:00 Pilota txapelketako finala, Ikastolako frontoian. Antolatzaileak: Lagunak eta Kirol Patronatua.

URTARRILAK 18, ZAPATUA

  • 20:30 ‘Martin Zalakain’ dantza ikuskizuna. Ikerfolk Artedrama taldeak taularatuko du, Olaizaga kiroldegian.

URTARRILAK 19, DOMEKA

  • 16:30 ‘Itsasoen deiadarra’, antzerki musikatua. Musbika Elkarteak taularatuko du, Herriko Antzokian.

URTARRILAK 25, ZAPATUA

  • 11:00 Filatelia elkarteetako Euskal Federazioaren batzarra. Kultur Etxeko hitzaldi gelan.
  • 13:00 Filatelia erakusketaren amaiera, eta parte-hartzaile eta laguntzaileei eskerrak emateko ekitaldia. Kultur Etxean