Kontzezio Eguneko azoka egingo dute zapatuan Mendaron, eta egun osoko jai-egitaraua antolatu dute

Barren.eus 2019ko abe. 4a, 15:32

Domekan da Kontzezio Eguna, baina zapatuan ospatuko dute Mendaron. Urtero bezala, baserriko sasoiko jenero onena dastatu eta erosteko aukera izango da frontoian, eta inguruko baserrietako ganaduak ere jaitsiko dituzte kalera.

Barazki eta ganadu azoka 10:00etan zabalduko dute, eta haren bueltan antolatu dituzte eguneko gainerako ekintzak. 11:00etarako dultzaineroen kalejira antolatu dute, bai eta sagardo lehiaketa ere, bederatzigarrenez. Eguerdian, dantzara irtengo dira herriko Euskal Dantzari Taldekoak plazara. Azpilgoetako Kultur Etxean irten eta kalejiran egingo dute plazara arteko bidea, eta han, dantza emanaldia emango dute haurrek eta helduek, taldeka banatuta.

Dantza saioa bukatu ostean, Izetako idiek gidatutako gurdian plazari itzulia egiteko aukera ere izango da, azken urteotako moduan. Goizeko jai-egitaraua Debako Rockalean taldeak itxiko du. Musika munduan denbora luzea daramaten bost musikarik osatutako taldea da Rockalean: Javier Area eta Odei Astibia, Jon Viejo, Mikel Sukunza eta LM Moreno Piratak, eta rock eta pop estiloko kantuak egiten dituzte, tartean hainbat talde ezagunen bertsioak ere jotzen dituzte.

 • Herri-kirol jaialdia, arratsaldean
Arratsalderako herri-kirol jaialdia antolatu du Udalak. Eneko Otaño eta Julen Alberdi Txikia IV.a ariko dira nor baino nor aizkoran, Imanol Albizu Goikoetxe eta Mikel Lopetegi Urra jardungo dira harri altxatzen, eta jungura lanetan jarriko dituzte Karmele Gisasola Zelai III.a eta Nerea Egurrola, elkarren kontra. Ondoren, txerri-errea dastatzeko aukera egongo da plazan, Mendaro Ikastolako Arno guraso elkartekoen eskutik, eta iluntzea girotzeaz Rockalean taldekoak eta Pius eta Esther DJak arduratuko dira.

 Egitaraua

  • 10:00 Azokaren hasiera.
  • 11:00 Dultzaineroen kalejira eta sagardo lehiaketa.
  • 12:00 Trikitixa taldekoen kalejira.
  • 12:30 Izetako gurdian ibiltzeko aukera.
  • 13:00 Rockalean taldearen emanaldia. Ondoren, sari banaketa.
  • 18:00 Herri kirolak. Frontoian.
  • Ondoren, txerri errea dastatzeko aukera.
  • Segidan, Rockalean.
  • Ondoren, DJ Pius eta DJ Esther

∞Lotura duten albisteak: