Amaitu dira aurtengo San Pedro jaiak

Barren.eus 2015ko eka. 30a, 10:16

Eguraldia lagun, giro ederrean ospatu dituzte San Pedro jaiak Idotorben. (argazkiak eta demetako emaitzak dauzka)

San Pedro Eguna ospatu zuten atzo (ekainak 29), Idotorbe auzoan, baina joan den barixakutik egon dira festa giroan murgilduta. Ohi duten legez, dema eta lehiaz beteta egon dira jaiak. Hona hemen horietako emaitzak. Barixakuan Mus Txapelketa jokatu zuten San Pedro elkartean.  Jose Mari Zelaia eta Pako Idiakezek osatutako bikoteak irabazi zuen txapelketa eta Iñaki Mancisidor eta Luis Kortaberria sailkatu ziren bigarren. 

Zapatuan Euskadiko Cross Country txapelketako kanporaketa jokatu zuten, Elgoibarko Urnobitza moto klubak antolatuta. Euskal Herriko, Kantabriako eta Burgoseko 70 bat motozalek hartu zuten parte, eta horien artean, hiru moto gidari elgoibartarrek: Aitor Garcia, Jon Criado eta Aitor Osoro. 

Senior mailan, Iban Ibarrak irabazi zuen proba 30 urtetik gorakoetan; eta, Borja Nietok 30 urtez beherakoetan. 23 urtez azpikoen kategorian Jon Otamendik irabazi zuen proba eta Egoitz Peñagarikano izan zen azkarrena beteranoen artean. Junior mailan, azkenik, Xabier Aldalur izan zen azkarrena.(ikusi sailkapenak

• Emakumeak nagusi giza proba desafioan

Giza proba dema jokatu zuten domeka goizean Idotorbeko probalekuan. Mendaroko zortzi emakumek eta Berritxuko sei gizonezkok neurtu zituzten indarrak. 500 kiloko harriarekin aritu ziren emakumeak eta harri berarekin egin zuten lana gizonezkoek, baina 80 kiloko gainkarga jarrita. Gizonak irten ziren lehendabizi plazara eta 38 plaza eta bi zinta egin zituzten harriarekin. Plaza bat gehiago egin zuten Mendaroko emakumeek, 39 plaza eta hiru zinta, hain justu ere. 

• Kamiñokua nagusi idi-dematan
Domeka arratsaldean idiek hartu zuten pertsonen lekua eta abereak ibili ziren harriari tiraka. Muruetako KamiÒo erretegiko idi-pareak egin zuen lanik onena. Orioko Olidenen idiak sailkatu ziren bigarren postuan eta Belarretako idi parea hirugarren. 

• Jabier Osoro onena boloetan

Bolo txapelketa ere jokatu zuten auzoko bolatokian. Jabier Osoro sailkatu zen lehen postuan eta Mateo Goenaga eta Jose Hirsuta izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. 

• Otarraren zozketa
Janariz eta edariz betetako otarra zozketatu zuten jaietako antolatzaileek, eta 5366 zenbakiari egokitu zaio lehen saria. 4581 zenbakia da ordezkoa. Bigarren saria, Nekaturreko nekazal etxean egonaldia, 6336 zenbakiaren jabeak irabaziko du. Kasu honetan, 6000 zenbakia da ordezkoa.

2015 06 29 sanpedroak idotorben dantzan

2015 06 28 sanpedroak idotorben mus

2015 06 28 sanpedroak idotorben mus2

2015 06 28 sanpedroak idotorben paela*Argazkiak: Idotorbeko jai batzordea.