Giro onean ospatu zuten Mendaroko bigarren Gazte Eguna

Barren.eus 2019ko urr. 15a, 12:50

Gazteek hartu zituzten Mendaroko kaleak joan den zapatuan, urriaren 12an, egin zuten Gazte Egunean. Eguraldia alde izan zuten eta udakoa zirudien giroarekin ospatu zuten egun osoko festa eguna.

Mendaroko Gazte Asanbladak bigarren urtez antolatu du aurten Mendaroko Gazte Eguna, eta pozik daude izan duen harrerarekin eta sortu zen giroarekin. Poteoa egin ostean, pasta lehiaketa egin zuten goizean, eta 60 bat lagun elkartu ziren bazkarian. Eguraldi ona aprobetxatuz, Gaztetxe kanpoko plazan bazkaldu zuten aurrez prestatutakoa. Gernikako Belatz musika taldeko kideek ere hartu zuten parte bazkarian, eta beraiek izan ziren gainera, pasta lehiaketako epaileak. Bost koadrilek hartu zuten parte lehiaketan. Bazkaritan giro oso polita sortu zela esan dute antolatzaileek. Bazkalostean bingo musikatuarekin eta gazte jokoekin jarraitu zuen festak, eta iluntzean eta gauean musikak girotu zituen herriko kaleak eta Gaztetxea. Debrass Band Debako taldeak girotu eta gidatu zuen arratsaldeko poteoa. San Jose plazan eta Herriko Plazan ibili ziren. Gauean, berriz, Guri 5! Gabiriako erromeria taldeak eta Belatz rock taldeak kontzertua eman zuten gaztetxean.
"Adin desberdineko jendea hurbildu zen Gazte Egunera, eta Mendaroko gazteria animatzea lortu genuela uste dugu. Egun polita izan zen eta denok gozatu genuen jai bat izan zen", esan dute Gazte Asanbladako kideek.

2019 10 12 gazte eguna mendaro bazkaria gazte asanblada

2019 10 12 gazte eguna mendaro 1

2019 10 12 gazte eguna mendaro bazkaria gazte asanblada v1

*Argazkiak: Mendaroko Gazte Asanblada