Barazki postu onenaren saria jaso dute Txillarre baserrikoek Ordizian

Barren.eus 2019ko ira. 11a, 14:52

Euskal Jaietako aparteko azoka egin dute gaur Ordizian, eta urtero legez, hainbat sari banatu dituzte. Barazki posturik onenaren saria Txillarre baserriko Pello eta Argiñe Rubio aita-alabentzat izan da. Mausitxak, berriz, bosgarren egin du gazta lehiaketan.

Argiñe Rubiok berak jaso du barazki postu onenaren saria, Ainhoa Jimenez Ordiziako zinegotziaren eskutik. Bigarren saria Munoa baserrikoek jaso dute (Fruita postu onenaren saria jaso duten berberek), eta hirugarren saria banatu gabe utzi du epaimahaiak. Txillarre baserriak azken lau urteetan jarraian irabazi du Ordiziako barazki postu onenaren saria (2018, 2017 eta 2016 urteetako lehiaketetan ere irabazi zuen)

Gazta Lehiaketan, berriz, bosgarren egin du Mausitxa gaztandegiak. Lekarozko (Nafarroa) Kortaria gaztandegiak irabazi du gazta lehiaketa, bigarren urtez jarraian. Bi sari jarraian lortu dituen lehenengoa da Kortaria gaztandegia, eta Julen Arburua artzain gazteak jaso du saria, pozarren, aita-amak ondoan zituela. Podiuma goierritarrek osatu dute. Joseba Intsausti ordiziarrak eskuratu du bigarren saria, eta Idiazabalgo Gaztainaditxuloko Ander Barandiaranek hirugarrena. Laugarren Ricardo Remiro eulatearra izan da. (Gazta txapelketako argazkia: Goierriko Hitza)

2019 09 11 Gazta txapelketa Julen Arburua Ordizia