Magiak eta rock-ak hartu zuten Maalako Gune Askea Gazteen Egunaren bezperan

Barren.eus 2019ko abu. 30a, 08:00

Atseden eguna izan arren San Bartolome jaien barruan, Maalako  Gune Askean hainbat ekitaldi izan ziren atzo. Goizean Deba ibaia garbitu zuten hainbat gaztek hamargarren urtez, eta arratsaldean, etxeko txikienek eskulanak egin zituzten Egur arte tailerreko arduradunekin, eta segidan, Niala magoaren magiak hartu zuen Maalako parkea. Gauean, berriz, musika izan zen protagonista Bikustik taldearen eskutik. 

 Maalako Gune Askean erreka garbitzeko aprobetxatu zuten sanbartolomeetako etena, eta horrekin batera, hainbat ekitaldi antolatu zituzten arratsalderako. Egur arte tailerreko Paula Herasen laguntzaz eskulanak egin zituzten etxeko txikiek. Marrazki librean jardun zuten batzuk, aurpegia margotzen besteek, eta eskuak margotzen ere ibili ziren beste batzuk. 

19:00etan bestelako itxura bat hartu zuen Maalako eszenatokiak, eta Niala magoa irten zen bertara. Magia eta ilusioa zabaldu zituen ikusleen artean bere trukoekin. Kartak, zapiak, dadoak, pilotak eta bestelako hainbat objektu erabili zituen, magia egiteko. Ikusleen artean zeuden ume eta gurasoek ere izan zuten oholtzara igo eta Nialarekin batera magia egiteko aukera. 

Gauean, azkenik, musika izan zen protagonista. Jon gurrutxaga eta Patxi Zabaletak osatutako bikoteak rock saioa eskaini zuten. Talde ezagunen abestiak jo zituzten, eta sorpresaren bat edo beste ere eskaini zuten. Esaterako, Ehun Kilo taldeko Jon Zabala gonbidatu zuten oholtzara, eta Mendekua abestia jo zuten elkarrekin. 

2019 08 28 sanbartolomeak maala gune askea niala magoa barren

2019 08 28 sanbartolomeak maala gune askea bikustik zabalagaz barren

∞ Lotura dute albisteak: