Sokamuturra eta Goitibeheren jaitsierarekin hasi da Gazteen Eguna

Barren.eus 2019ko abu. 30a, 14:48

San Bartolome jaietako azkenaurreko eguna da gaur, Gazteei eskainitakoa. Jaietako azkenengo sokamuturrarekin hasi da Gazteen Eguna eta goitibeheren jaitsiera egin dute gero Azkue auzoko aldapetan behera. Arratsaldean moto trial ikuskizuna, eskubaloia, perkusioa eta skate jaialdia izan dira, besteak beste. Gune Askekoek bazkaria egin dute Sigman, eta ondoren Elektrotxarangarekin ibili dira herriko kaleetan zehar. 

Hiru eguneko atsedenaren ostean, hemen dira berriro ere sanbartolomeak. Indarrak berreskuratuta ekin diote berriro ere festari elgoibartarrek. Jendetza ibili da goizeko sokamuturran eta goitibeheren eta Drift Triken jaitsierak ikusteko ere jende asko batu da. Aurten Elgoibarkoak izan dira goitibehera denak, hamabi guztira. Hamasei Drift Triken ere jaitsi dituzte Azkueko aldapak, banan banan lehenik eta denak batera amaieran.

 • Roita Racing eta Aimar Elizburu azkarrenak

Lehiaketari dagokionez, Roita Racing II taldeak irabazi du lehen saria goitibeheren artean, beraiek egin baitute jaitsierarik azkarrena. San Roketarrak I taldea sailkatu da bigarren postuan eta San Roketarrak II taldearenn goitibehak lortu du hirugarren lekua. Drift Triken artean, Aimar Elizburuk egin du jaitsierarik azkarrena, Gorka Iriondo sailkatu da bigarren eta Roke sailkatu da hirugarren postuan.

Eguerdian, Maalako Gune Askekoek antolatutako bazkarian hartu dute parte hainbat gaztek, Sigman. Arratsaldean elektrotxarangaren erritmora ibili dira herriko kaleetan zehar. 

Arratsaldean moto ikuskizuna egin dute Kalegoen plazan, eta segidan Kolpez Blai perkusio taldeak alaitu ditu kaleak. Basarteko skate parkean ere gazte asko batu dira patineteen jaialdiaz gozatzeko.

 

2019 08 30 gazteen eguna sanbartolomeak elgoibar goitibehera

2019 08 30 gazteen eguna sanbartolomeak elgoibar bazkaria sigma barren

∞ Lotura dute albisteak: