Santana jaietako bazkarietan izena emateko epea zabalik dago

Barren.eus 2019ko uzt. 12a, 08:39

Santana jaiak ate joka dituzte mendaroarrek, eta badira izena eman beharreko zenbait ekintza. Kuadrillen Eguneko bazkaria da horietako bat eta 70 urtez gorakoentzako bazkaria beste bat.

 Uztailaren 27an, larunbatez, ospatuko dute Mendaron Kuadrilla Eguna, eta urtero legez, paella lehiaketa egingo da frontoian (arroza, oilaskoa, olioa eta gatza Udalak jarriko ditu). 12:30ean hasiko dira paellak prestatzen kuadrillak, eta 14:30ean batuko dira denak mahaira. Paella lehiaketarako, baina, izena eman behar da, igandea (uztailak 14) aurretik, Uztargi, Menditxo eta Aitz Beltz tabernetan. Pertsonako bost euro ordaindu behar dira.

 • Zahartzaroari omenaldia uztailaren 28an
Umeen eta nagusien eguna ospatuko dute uztailaren 28an Mendaron, eta egun horretan, ohi legez, adinekoak omenduko dituzte. 70 urtez gorakoentzako bazkaria da [senar-emazteetako batek 70 urte izatea nahikoa da bazkarirako]. Lagun Betikoak tabernan edota Coviran, Roteta eta Mariaxun dendetan eman behar da izena uztailaren 16a aurretik. Aizpe elkarteak antolatzen du bazkaria, Mendaroko Udalaren babesarekin.

 • Danborradetarako entseguak
Uztailaren 25ean egingo da helduen danborrada, Santio Egunez, eta umena, uztailaren 27an. Nagusien danborradarako entseguak uztailaren 8an hasi ziren, baina oraindik gelditzen dira beste bi: uztailaren 15ekoa eta 17koa. 21:00etan izaten dira nagusien entseguak, frontoian. Umeen danborradarako entseguak, berriz, astelehenean hasiko dira, eta hiru egunetan egingo dira: uztailaren 15ean, 18an eta 22an. 19:30ean izango dira, frontoian. LH1etik LH6ra arteko umeek har dezakete parte.

2019 07 12 santanak mendaro danborrada 2018 barren