Giro onean joan dira aurtengo sanpedroak ere

Barren.eus 2019ko uzt. 2a, 18:04

San Pedro jaiak ospatu zituzten joan den asteburuan Idotorbe auzoan, iaz baino eguraldi hobearekin. Jai batzordekoek gurdiaren zozketako zenbaki sarituen berri ere eman dute.

San Pedro jaiak antolatzeaz arduratu den jai batzordeak asteburuan Idotorbera igo diren herritarrei eskerrak eman nahi dizkiete eta baita lanean jardun diren lagun guziei ere.
Sainduarekin prozesioa eta meza nagusia egin zituzten San Pedro Egunean, joan den zapatuan. Lehiaketek eta demen ere izan ute lekua jai egitarauan. Mus txapelketan Xabier Loiolak eta Edu Sanzek osatutako bikotea gailendu zen, Julian Loiola-Jose Loiola eta Luis Kortaberria-Mancisidor bikoteen aurretik.
Domekan idi probak jokatu zituzten probalekuan, eta Azkoitiko Isidro Erretegiak irabazi zuen San Pedro Saria, Trinitate jaietan Uztarri Motzeko txapelketa irabazi zuen idizaleak hain zuzen ere. Juango Etxeberriaren idiek egin zuten bigarren markarik onena eta Soarteren idi parea sailkatu zen hirugarren postuan. Bola Joko txapelketa ere egin zuten, eta hor Imanol Osoro izan zen irabazlea. Iñigo Loiola "Armazio" eta Agustin Irusta sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.
Bi sari zozketatu dituzte San Pedro Jaietan. Batetik, janariz eta edariz betetako gurdia. 1355 zenbakiaren jabeak eramango du etxera. 6043 zenbakia da ordezkoa. Bono bat ere zozkatu dute eta 4372 zenbakia da sariduna (ordezkoa: 4797).

2019 06 30 sanpedroak idotorbe jaiak elgoibar idiak probalekuan

2019 06 30 sanpedroak idotorbe jaiak elgoibar idiak manta

2019 06 30 sanpedroak idotorbe jaiak elgoibar haritz i loiola

2019 06 30 sanpedroak idotorbe jaiak elgoibar mus txap