Bete-betea dator Trinitate jaien egitaraua

Barren.eus 2019ko eka. 14a, 12:11

Trinitate jaiak ospatuko dira Elgoibarren eta Mendaron asteburuan, eta bete-betea dator egitaraua. Ospakizunak gaur hasiko diren arren, ekitaldi gehienak larunbatean eta igandean pilatuko dira Elgoibarren, eta igandean eta astelehenean, Mendaron.

 Udal Musika Bandaren kontzertu bereziarekin hasiko dira gaur Trinitateak Elgoibarren, eta Bizi Poza txarangarekin, Mendaron

Bihar, zapatua, egun handia izango da Elgoibarren. 11:00etan, Debemenek antolatuta, Kalitatezko produktuen dastaketa egingo da Lekuederren jarriko duten karpan. Lumagorri oilaskoak eta aire librean hazitako Basatxerri txerrien saiheski eta hirugiharra jan ahal izango da, eta baita Elgoibarko baserrietako sagardoa dastatu ere, sagardo dastaketa antolatu duelako Zazpiki Kultur Elkarteak. Herri kirolen atarikoa izango da hori, 13:00etarako, Emakumeen Euskadiko Trontza txapelketa iragarri baitute.
Ondoren, 14:30ean, Elgoibarko baserritarren anaiarteko bazkaria egingo da Lekuederreko karpan, eta horrekin emango zaie azkena goizeko ekitaldiei. Arratsaldean, 18:00etatik 19:30era, kalejiran irtengo dira Mauxitxa txarangakoak Kalegoen plazatik, panpin erraldoiek lagunduta. 22:00etan, berriz, Uztarri Motzeko Trinitate Sariaren lehenengo saioa jokatuko dute, Sigmako probalekuan.
23:00etan nagusien danborradaren ordua izango da. Udal Musika Bandak lagunduko du danborrada. Aurten, Elgoibarko kirol eskaintzari gorazarre egingo diote, Elgoibar Europako kirol herri izendatu dutela-eta. Zapatu goizaldean, 00:00etan hasiko da Parrapas taldearekin erromeria Gaztetxean.

 • Trinitate Eguna
Zapatua bezain betea izango da domeka ere, Trinitate Eguna. Udal Txistularien Taldearen dianarekin hasiko da eguna, 9:00etan, eta 10:00etatik 14:30era, artisauen lanak ikusteko aukera izango da Lekueder plazan. Tarte horretan izango da meza nagusia ere, 10:00etan, Parrokiako Abesbatzakoek lagunduta.
12:00etan, danbor eta kupel hotsak hasiko dira herrian. Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatuta, ehunka ume irtengo dira danborradan. Arratsaldean, berriz, 17:30tik 19:00ak bitartean, erraldoi, buruhandi eta zezenzikletak ibiliko dira kalean, Elgoibarko dultzaineroekin batera. Aurten, baina, berrikuntza bat izango da, Lekueder parkea buruhandirik gabeko gunea izendatu dutelako.

 • Trinitateak Mendaron
Mendaron ere jai handia da Trinitate. Bizi-Poza txarangak hasiko ditu gaur jaiak, Trinitate bertatik kalejiran irtengo direlako gaur, 19:30ean. Bihar, zapatua, zuhaitza jasoko dute baseliza aurrean, 17:00etan, eta kanpai errepikarekin eta etxafuegoekin hasiko dituzte ofizialki jaiak. Domekan eta astelehenean batuko dira, baina, egitarauko ekintza gehienak. Trinitate Eguna da domeka, egun berezia mendaroarrentzat. Goizeko hamarretan txistulariak irtengo dira kalejiran, eta ondoren, 11:30ean, meza nagusia ospatuko dute Trinitaten. Elizako abesbatzak, Ameikutz Musika Eskolako abesbatzak eta txistulariek lagundutako meza izango da. Elizkizunean, joan zen astelehenean hil zen Angel Bazterretxea izango dute gogoan, eta haren omenez, Txoriak txorieta Xalbadorren heriotzeankantuak abestuko dituzte bertaratutako guztiek. Angel Bazterretxeak 54 urte egin zituen Mendaron abade eta abadetzari ez ezik herrigintzari eman zion bere bizia. 1962an iritsi zen Saturrarango abade-etxetik eta 2016ko azaroan hartu zuen erretiroa. Mendaroarrek estimutan zuten Bazterretxea, herriaren eta herritarren alde egindako lanagatik, eta esker ona agertuko diote berriz. Meza ostea trikitilariek girotuko dute, eta ondoren, herri kirol saioa izango da, usadioa den legez. Astelehenean, berriz, Trinitate Txiki eguna ospatuko dute Mendaron. 11:00etan izango da meza, eta ondoren, Mendaroko Ikastolako haurren bertso emanaldiaz gozatzeko aukera izango da.

2019 06 13 trinitate jaiak elgoibar egitaraua

2019 06 13 trinitate jaiak mendaro egitaraua