Hamar urtetako danborradak karroza bakar batean bilduta

Barren.eus 2015ko mai. 28a, 19:18

Atabal elkarteak berreskuratu zuen trinitateetako nagusien danborrada 2006an, eta urtero gai baten inguruan antolatu izan dute. Aurtengoa hamargarren edizioa denez, aurreko urteetako motibo guztiak bilduko dituzte karroza batean, danborradaren etapa berriaren errepaso moduko bat egiteko. Gaur gauean egingo dute danborradaren azken entsegua Kalegoen plazan (21:30)

Juan Carlos Arrieta Atabal taldeko kideak esandakoaren arabera, 200 bat lagunek hartuko dute parte danborradan, eta Udal Musika Bandak jarriko du musika. Aurtengoan omendu berezirik ez dela egongo ere aurreratu du Arrietak, baina Artillero dale fuego abestia hainbat urtetean artileroen kapitain papera bete zuen Javier Linazisoro bergararrari eskainiko diote. Orain dela hiru bat urtera arte urtero etorri izan zen Linazisoro Elgoibarko danborradara, baina osasun arazoengatik utzi egin behar izan zion etortzeari eta joan den martxoaren 30ean zendu zen.

• Danborrada, 00:00etan
Danbor hotsak gauean iritsiko dira, baina ohikoa baino ordu erdi beranduago. Athletic eta Bartzelonaren arteko kopa txapelketako finala dela-eta, antolatzaileek ordu erdiz atzeratu dute danborradaren hasiera. Aurten, gainera, EiTBk zuzenean emango du danborradaren hasiera, ETB4 kanalaren bidez. Domekan, bestalde, 23:00etatik aurrera Elgoibarko trinitate jaiei buruzko erreportaje berezia eskainiko dute ETB1ean, zapatuan zehar Elgoibarren grabatutako irudiekin.