Opariz beteta iritsi dira Ekialdeko Errege Magoak

Barren.eus 2019ko urt. 5a, 19:05

Opariz beteta iritsi dira Ekialdeko Errege Magoak gaur arratsaldean. Santa Klara auzotik behera etorri dira zaldiz, eta Kalegoen plazan egin diete herritarrek ongi-etorria. San Bartolome parrokiako atarian zegoen Jaiotza Biziduna, eta hantxe Jesus haurtxo jaioberria. Meltxor, Gaspar eta Baltasar banan-banan gerturatu zaizkio urrea, intsentsua eta mirra eskaintzera. 

Herritar asko batu da Elgoibarko kaleetan Ekialdeko Errege Magoen desfilea ikustera, eta haiek botatako goxokiak hartzera. Kalegoen plazan hasita, herriko kaleak zeharkatu dituzte Maalaraino. Han urteroko geldiunea egin dute San Lazaro egoitzako egoiliarrei opariak banatzeko, eta handik irtetean, Kalegoen plazarako bidea hartu dute berriro. Elgoibarko umeen gutunak jaso dituzte gero udaletxe azpian, eta gaur gauean etxez-etxe ibiliko dira opariak banatzen.