Bederatzi baserritarrek jarriko dituzte postuak Kontzezio eguneko azokan

Barren.eus 2018ko abe. 5a, 15:30

Abenduaren 8an, zapatuan, egingo duten kontzezio azokan egongo diren baserritarren postuetan egongo diren produktuak eta ganadu erakusketan parte hartuko duten baserrien berri eman du Mendaroko Udalak. Era berean, Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteak Kontzezio Egunean diru bilketa egingo duela jakinarazi du.

Neguko jai gehienetan gertatzen den bezala, Mendaron ere azoka izango da Kontzezio Eguneko egitarauko osagai nagusia. 9:30ean zabalduko dute azoka, frontoian, eta inguruko baserrietako barazki eta gainerako jakiak dastatu eta erosteko aukera izango bertan. Ganaduak ere jaitsiko dituzte baserritarrek kalera, eta artisau-lanen postuak ere izango dira erakusgunean. 11:00etan, sagardo lehiaketa hasiko dute plazan, eta ondoren, 12:00etan, dantzaldia eskainiko dute herriko trikiti eskolako haur, gazte eta helduek. Azkeneko urteotako usadioari jarraituz, Izetaren idi-pareak gidatutako gurdian ibiltzeko aukera ere izango dute Mendarora gerturatzen direnek. (Kontzezio Eguneko egitarau osoa hemen)

Honako hauek izango dira Mendaroko Kontzezio Azokako baserritarren postuak eta ganadu erakusketan parte hartuko duten baserriak:

BASERRITARREN POSTUAK

  • Egotza baserria (Soraluze) Ahuntz gazta
  • Labegur (Berritxu) Euskal pastela, ogia
  • Arizaga baserria (Soraluze) Barazkiak
  • Goienetxe baserria (Mutriku) Ardi gazta
  • Uxue Antia (Mutriku) Barazkiak
  • Julian Villena (Deba) Eztia
  • Janire Goikuria (Orozko) Pastela, ogia
  • Teresa Petralanda (Orozko) Pastela, ogia
  • Maria Luisa Petralanda (Orozko) Pastela, ogia

GANADU ERAKUSKETA

  • Goikola baserria (Mendaro) Ahuntzak
  • Sarube baserria (Mendaro) Ardiak
  • Agarre Txiki baserria (Mendaro) Behorrak
  • Ibiri baserria (Mutriku) Betizuak, astoak, poniak
  • Garate baserria (Elgoibar) Pirenaika arrazako behiak
  • Indate baserria (Aia) Watusi behia, alpaka, yak, bufaloa, dexter

 • AECC Gipuzkoa elkartearen aldeko diru bilketa

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak, AECC Gipuzkoa, jakinarazi duenez, diru bilketa egingo dute Kontzezio Egunean eta parte hartzera animatu dituzte herritarrak eta Mendarora hurbilduko diren bisitariak. Hamar bat boluntario arduratuko dira elkartearen aldeko diru-bilketaz, 10:00etatik 14:00ak bitartean. Batzen duten dirua elkarteak eskualdean eskaintzen dituen doako zerbitzuak ordaintzeko erabiliko dutela zehaztu dute.
Carmen Larrañaga, Debabarrenako batzarreko boluntarioetako batek, herritarren aldetik erantzun ona jaso dutela azpimarratu du: “Kalera irtetzeko aukera ona da, eta ez bakarrik gaixo onkologiko edo senideei hor gaudela gogorarazteko, gizarte guztiari baizik”, esan du Larrañagak. Beste urte batzuetan maiatzean egin izan dute diru bilketa Mendaron, baina Kontzezio azokan jende asko hurbiltzen denez Mendarora, egun horretan egitea erabaki dute aurten.
AECC Minbiziaren Aurka Gipuzkoako Elkartearen Debabarrenako egoitza Eibarren, Ardantza kaleko 11. zenbakian kokatuta dago. Bertan, astelehenetik ostiralera, goizeko ordutegian dohaineko zerbitzuak eskaintzen dituzte, baita 943 202 494 telefono zenbakira deituta ere.

2018 12 05 kontzezio azoka mendaro2016