Azoka, Tio Teronen semeak taldearen ikuskizuna eta pilota partidak izango dira Kontzezio eguneko osagai nagusiak

Barren.eus 2018ko aza. 30a, 10:17

Abenduaren 8an ospatuko duten Kontzezio Eguneko egitaraua ezagutzera eman du Mendaroko Udalak. Besteak beste, Tio Teoren semeak taldeak ikuskizun berria ekarriko du Mendarora eta Gipuzkoako eta Bizkaiko emakume pilotariek desafioa jokatuko dute Goñati pilotalekuan.

Neguko jai gehienetan gertatzen den bezala, Mendaron ere azoka izango da Kontzezio Eguneko egitarauko osagai nagusia. 9:30ean zabalduko dute azoka, frontoian, eta inguruko baserrietako barazki eta gainerako jakiak dastatu eta erosteko aukera izango bertan. Ganaduak ere jaitsiko dituzte baserritarrek kalera, eta artisau-lanen postuak ere izango dira erakusgunean. 11:00etan, sagardo lehiaketa hasiko dute plazan, eta ondoren, 12:00etan, dantzaldia eskainiko dute herriko trikiti eskolako haur, gazte eta helduek. Azkeneko urteotako usadioari jarraituz, Izetaren idi-pareak gidatutako gurdian ibiltzeko aukera ere izango dute Mendarora gerturatzen direnek. 

 • Tio Teoren semeak taldearen ikuskizun berria
Ondoren, 13:00etan, Tio Teoren semeak taldearen dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da Herriko Enparantzan. Ezagunak dira Mendaron Tio Teronen semeak, aurrez ere etorriak direlako (2015eko Kontzezio Azokan izan ziren), baina aurten, estreinatu berri duten ikuskizun berria ekarriko dute: Festamentua. Dantzari kuadrilla xelebrea hileta batean bilduko da eta halakotan ikusten direnak antzeztuko dituzte, umore, dantza eta doinu ezagunez lagunduta. Goiz parteko egitarauari sari banaketarekin emango zaio azkena.
 • Gipuzkoako eta Bizkaiko emakume pilotarien desafioa
Arratsalderako, berriz, pilota partidak antolatu dituzte. Gipuzkoako eta Bizkaiko emakume pilotariek desafioa jokatuko dute 18:00etan. Eskuz binakako partida izango da, eta pilotariak honako hauek izango dira: Miren Larrarte eta Maider Mendizabal batetik, eta Leire Etxaniz eta Olatz Arrizabalaga bestetik. Ondoren, pilotari profesional izandakoak lehiatuko dira, Uriona eta Arrizabalaga bikotea Lizeaga eta Pascual II.aren kontra. Iluntzean Basatxerri saiheski errea banatuko dute plazan eta Erromeria ere izango da Guri 5 erromeria taldearekin. Eguna bukatzeko ardura, berriz, Mendaroko DJPiusek izango du.

2018 11 30 kontzezio azoka mendaro egitaraua kartela 2018 11 30 kontzezio kartela pilota partidak mendaro