San Migel jaiak giro politean ospatu dituzte Aiastian

Barren.eus 2018ko urr. 2a, 12:32

Irailaren 29a San Migel Eguna izanik, Aiastia auzoan santuaren omenez jaiak ospatu dituzte asteburuan. Ostiraletik domekara bitartean dantza, kantu, musika, kirol, lehiaketa eta jatorduen bueltan ez da auzoa girotzeko ezer falta izan bai auzotarrentzat baita jaien aitzakian bertaratu direnentzat ere.

Ostiralean hasi ziren Aiastia auzoko jaiak eta gazteek eta dantzak hartu zuten Murkaikupe frontoia. Borja Uzuriagaren omenez Haritz Euskal Dantzari Taldekoek omenaldia egin zuten dantza saioarekin eta gazte afaria izan zen ondoren. Dantza baina ez zen bere horretan geratu, Fan&Go erromeria taldearen doinuak izan baitzituzten lagun.

• Pedro Gomez nagusi bola-jokoan

Larunbatean, San Migel Egunez, mezarekin hasi ziren ospakizunak eta Ziarda eta Mañukortak jardun zuten bertsotan gero. Kirolak hartu zuen lekukoa ondoren eta pilota partidak jokatu zituzten bazkaldu aurretik. Auzo bazkaria Saioa eta Maialen trikitilariek girotu zuten eta umeak girotzeko hauentzako parkea izan zen. Lehirako tarterik ere izan zen  larunbatean bolotan jokatu zuten-eta. Pedro Gomez izan zen irabazle 6 txirlo botata eta honen ondoren Angel Ibarluzea 5ekin eta launa txirlorekin Sergio Rodriguez eta Iñaki Burunza gero. Gaua ere afari giroan hasi, Jone Uria eta Nerea Ibarzabalen bertsoak entzuten segi eta Obaneuke taldearen musikarekin jarraitu zuten.

Pello Segurola eta Argi Euskal Herriko txapeldunak

Igandean artzain eta itzainek hartu zuten lehiarako txanda. Goizeko meza ostean Baltzola eta Andonegi trikitilarien doinuek jantzi zuten frontoi ingurua, baina Aiastiako zelaiak bestelako hotsek hartu zuten. Euskal Herriko arraza libreko artzain txakur txapelketaren finala jokatu zen eta artzainak oihuka eta zakurrak zaunka entzun ziren. Pello Segurola izan zen irabazle Argi txakurrarekin eta hona sailkapena:

  • Pello Segurola (Argi) 294 puntu
  • Manuel Gorriti (Indo) 292 puntu
  • Inaxio Irakulis ( Bat) 280 puntu
  • Jose Antonio Arrillaga (Lagun) 270 puntu
  • Jose Ramon Orbegozo (Alai) 104 puntu
  • Jose Antonio Agirre (Sofi) 102 puntu
  • Jose Luis Saizar (Kis) 96 puntu
  • Bittor Bengoetxea (Truke) 75 puntu

Bazkaritan bapo bete eta Idi-demen txanda izan zen gero. Lehenengo bi partaideen artean lehia nahiko estua izan zen baina Isidro Erretegiak irabazi zuen:

  • Isidro Erretegia: 55 plaza, zinta 1, lau metro eta 98 zentimetro
  • Oliden: 55 plaza, 2 metro eta 20 zentimetro
  • Zubiondo: 46 plaza

Trikitixak itxi zituen asteburuko jaiak Aiastian. Hala ere, urtero bezala, txahalaren zozketarik ez zen falta izan jaietan eta hona zenbaki saritua: 4.706. Erretserbakoa, berriz, 5.099.

2018 09 29 sanmigel jaiak aiastia elgoibar artzai txakur irabazleak

2018 09 29 sanmigel jaiak aiastia elgoibar idi probak

2018 09 29 sanmigel jaiak aiastia elgoibar paella