Jaiak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2018 10 01 Kinto ospakizunak

Urriaren 27rako antolatu dute Elgoibarren kinto-ospakizunen eguna. Antolakuntza taldean dauden Amaia Arregi (22 urte) eta Mikel Etxanizek (32 urte) esan dutenez, horrelako beste ideia asko bezala jai giroan eta lagun artean, "modu informalean" sortutakoa da. "Beste herriren batean egiten zutela entzun eta ideia kopiatuta gurera ekarri dugu". Hortaz, adin bereko taldeak elkartuko dira jatorduen bueltan, baina gero herrian jai girorik ez da faltako denek egun bera aukeratu baitute horretarako.

Jai honen helburua da herritarrek herriarentzat jai giroa sortzea. "Horretarako, erraz egiteko moduko formula bat iruditu zitzaigun kinta bakoitzak bere ospakizuna modu independentean antolatzea ardurak banatuz. Hau da, non eta zer bazkaldu, zenbat diru eta nola jaso, bazkariaz gain besterik antolatu nahi ote zuten (mendi buelta, zapiak...)...", esan digu Mikel Etxanizek. Eta hala egin dute sare sozialen eta whatsappen bidez jendearengana iritsi eta giroa piskanaka hasi da sortzen urriaren amaierarako. Deialdia egin eta herri osoarengana iritsi ez baziren ere argi utzi nahi dute herri osoarentzako jaia dela (18 urtetik gorakoentzat, mugarik gabe). "Jendeak pentsatzen du adin tarte jakin batekoentzat dela eta ez da horrela. Hortaz, oraindik kinto-ospakizuna antolatu ez edo honen berri izan ez dutenei esan nahi diegu garaiz dabiltzala egiteko", dio Etxanizek. Gainera, e-posta helbide bat ere badute, eta norbaitek kinto-ospakizuna egun horretan egingo duela oraindik esateko badu bertara idatzi dezake: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.. "Horrela jakin ahal izango genuke zenbat jende bildu gaitezkeen-edo. Ez geneukan Elgoibar osora iristeko gaitasunik, baina ahal genuen neurrian zabaldu genuen honen berri eta aurrera egin dugu".

Antolatzaileen esanetan oraingoz 23 taldek jakinarazi dute egun horretan egingo dutela kinto-ospakizuna. "Baina oraingoz ez dakigu bakoitzean zenbat lagun elkartuko diren. Galdetu dugu zenbat eta zein jatetxetan baina datuak ez daude jasota", esan du Amaia Arregik.

• Jatetxeetan eta elkarteetan

Jangela duten herriko jatetxe gehienak, denak ez badira, beteta daudela jakinarazi digute. "Gu, esaterako, egun honen berri izan eta 45 lagun izango ginela jakinda jatetxeetara deika hasi ginenean asko jadanik beteta zeuden eta gu joango garen jatetxean beste hiru kinto-bazkari egongo dira egun horretan", esan du Arregik. Ospakizuna elkarteetan egingo duenik ere izango da. "Askoren beldurra zen ospakizun hau, herri mailan antolatuta, egongo ote zen ostalaritzak horri erantzuteko modurik eta gutxi gorabehera zenbaketa orokor bat egin genuen jatetxe eta elkarteen tokiekin eta kopuru handiak ziren", dio Mikel Etxanizek.

Kinto-ospakizunak baliatu ohi dira aspaldi ikusi ez diren txikitako lagunekin, anekdotak, garai bateko pasarteak konpartitzeko... eta oraingoan, norbere kintakoekin elkartzeaz gain, gero, kalean, beste herritarrekin jai giroan bat egiteko aukera izango da.

Foodtruck merkatua, artisauen azoka, kontzertuak, umeentzako ekintzak...

Ideia talde batean sortu arren, asteburu horretarako ekintzak ez dituzte beraiek antolatu. Udalera jo zuten asmoaren berri ematera eta Udaleko Kultura Sailak erabaki zuen eskuartean zituen beste egitasmo batzuk egun horrekin bat egitea. Batetik Elgoibarko Artalde artisau taldekoen azoka izango da larunbatean eta igandean 11:00etan hasita iluntzera arte Maalan. Bertan egingo dute foodtruck merkatua ere ostiralean 18:00etatik aurrera, larunbatean 11:00etatik 02:00etara arte eta igandean 11:00etatik 20:30era. Horrez gain, umeentzako ekitaldian ere izango dira bi egunetan 12:00etatik 14:00etara. Kontzertuek ere izango dute lekua aste bukaeran Maalan. Ostiralean 20:00etan hasiko dira eta larunbatean 23:00etan. Puro Relajo talde nafarra arituko da eta kantu mexikarrekin zein euskal kantu klasikoen beren bertsioekin girotuko dute jaia. Mikel Etxanizek esan du jendearentzat, batez ere afari ordurako, Maala inguruan zerbait ezberdina jateko tokia izatea primerakoa dela eta kontzertuek ere girotuko dutela herria.

Estreinako kinto-ospakizuna batzuentzat

Kinto-ospakizunen eguna jairako aitzakia aproposa izango da urriaren 27a. "Batzuk esan digute sekula egin gabeak zirela kinto-ospakizunik eta aitzakia honekin antolatu dutela; beste batzuek adin zehatz batekin edo hainbat urtean behin antolatzen zuten eta orain hala tokatu ez arren egingo dute. Beraz, gu ere pozik gaude horrelako jai bat bultzatzeaz", esan dute Amaiak eta Mikelek. Ondo ateraz gero, eta herriak nahi badu, baliteke errepikatzea, baina oraingoz proba urriaren 27an, "jaietako biharamuna pasatuta eta Gabonen bueltako jatordu oparoak iritsi gabe".

kinto ospakizuna2 Elgoibar

 

Sanbartolomeak2019

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza