San Migel jaiak ospatuko dituzte Aiastia auzoan barixakutik domekara bitartean

Barren.eus 2018ko ira. 27a, 10:34

Borja Uzuriagaren oroimenez Haritz dantza taldeak eskainiko duen urteroko emanaldiarekin hasiko dira sanmigelak Aiastia auzoan. Asteburu osorako egitaraua prestatu dute.

2018 09 27 sanmigel jaiak aistia egitarauaElgoibarko baserri auzoetako jaietan azkenak dira San Migel-Aiastiakoak eta asteburu honetan ospatuko dituzte auzotarrek eta gerturatzen direnek. Barixakuan, hilaren 28an hasiko dira festak, 19:30ean egingo duten kanpai jotzearekin. Iluntzean, 21:30ean, Borja Uzuriagaren oroimenezko dantza saioa eskainiko du Haritz Euskal Dantzari Taldeak frontoian. Dantza saioa amaitutakoan gazteen afaria egingo dute, eta Fan&go taldearen erromeriak girotuko du afalostea.

Jatorduek izango dute jaietan beren tokia, izan ere, zapatuan, San Migel Egunean, bazkaria eta bertso afaria egingo dituzte, azken hau, Jone Uria eta Nerea Ibartzabal bertsolariekin. Domekan ere bazkariaren bueltan ez da jai girorik faltako.

Trikitixa doinuek jantziko dute jaietan Aiastia. Ostiralean Fan&go taldeak, larunbatean Saioa eta Maialen trikitilariek eta Obaneuke taldeak eta igandean Baltzolak eta Andonegik. Lehia girorik ere ez da faltako sanmigeletan. Bolo txapelketa, XII. Artzain Txakur Txapelketa, Euskal Herriko arraza libreko finala eta idi demak egingo dituzte; honetan Oliden, Zubiondo eta Isidro erretegia lehiatuko dira.

Iaz, 2017ko sanmigelak, euripean baina giro onean joan ziren.

2018 09 27 2016 10 01 san migel festak aiastia afaria gazteak

2018 09 27 2017 10 01 san migel jaiak aistia elgoibar haritz edt