Sanbartolomeak jendetsuak eta lasaiak izan direla nabarmendu dute Udaleko arduradunek

Barren.eus 2018ko ira. 14a, 12:39

San Bartolome jaien balorazio "oso positiboa" egin du Elgoibarko Udalak. Jendetza bildu zela jaietan azaldu dute dute udal arduradunek, eta jaietako "Parte hartze handia, bizikidetza eta errespetua" nabarmendu dituzte. Jaiek izan duten "puntu ilun bakarra" azken eguneko eraso sexista izan zela esan dute. Era berean, lapurretengatik hamabost salaketa izan dira.

San Bartolome jaien balorazio ofiziala azaltzeko prentsaurreko agerraldia eman dute, gaur, Elgoibarko Udaleko arduradunek: Elgoibarko alkate Ane Beitia, kultura zinegotzi Andrea Arriola eta Javier Oñederra udaltzainburua.

Balorazioa sanbartolomeak elgoibar udala

Jaietako parte hartze handia eta jai giroaz gozatzeko espiritua nabarmendu dituzte. Aldiz, "Eragozpen" bakarra, abuztuaren 29an, goizaldean, gertatutako eraso sexista izan dela azpimarratu dute. "Tamalez 2018ko jaietako sentsazio onak apur bat lausotu dituen gertaera". Erantzuna azkarra eta batgeratua izan zela ere nabarmendu du Ane Beitiak. Eraso honi gaitzespena adierazteko Narrutsik taldeak deitutako elkarretaratzean Udaleko talde politikoetako ordezkariekin eta Elgoibarko Emakume Kontseiluko kideekin bat egin zuten herritarrei eskerrak eman dizkie alkateak.
Jaietako antolakuntzan parte hartu duten elkarte, udal langile, gizarte eragile eta pertsona guztiei eginiko lanagatik ere eskerrak eman dizkie Beitiak. "Bere lan, ahalegin, inplikazio eta konpromisoari esker jai parte hartzaileak izan ditugu, izan ere lehen aldiz herritarrek beraiek proposaturiko ekintzak sartu baititu abian jarri dugun prozesu parte hartzaileari esker. Jai herrikoiak, doakoak eta adin eta gustu guztietarako eginak eta kalitate handiko egitaraua izan dutenak".

Ikuskizun jendetsuenak
Guztira ehun ekitaldi inguru izan dituzte jaiek eta aurreko urtean baino 45.000 euro gehiagorekin osatu dute egitaraua. 209.000 euro bideratu ditu aurten Udalak jaiak antolatzera.
Jendetza handiena batu zuten kontzertuak Gatibu, Hesian, Nogen eta Serafin Zubirik eskainitakoak izan zirela azaldu dute. Eta iazko jaietako talde errebelazioa izan zen Rockbox taldeak Txiki Egunean eskaini zuen saioa ere nabarmendu dute, "heavy metalaren klasikoak joz publiko entregatua hunkitu zutelako". Ikuskizun eszenikoei dagokienez, Xarivarik Maalan emandako kontzertua "ikusgarriena" izan zela adierazi dute.
Umeentzako ekintzei dagokionez, "topera" egon diren umeentzako parkeak eta Top Txef sukaldaritzan aritzeko tailerrak nabarmendu dituzte. Azken hori hurrengo urtean ere antolatuko dutela aurreratu dute, baina bost urte baino gutxiagoko umeentzako ludoteka batekin osatuta.
Sokamuturreko segurtasuna
Sokamuturraren ibilbidean jarri dituzten hesi berriak ere hizpide izan ditu alkateak. San Bartolome eta Errosario kaleen erdian eta King-Kong parean jarri dituzten itxiturak finkoagoak izango dira hurrengo urtean. "Arno ganadutegikoek eurek jarri zituzten behin behineko hesi horiek finkoagoak izango dira hurrengo urtean, San Frantzisko iturriaren gainean jartzen ditugunaren antzekoak. Era honetako ikuskizunetarako araudia aldatuz doa eta segurtasuna bermatu eta hobetzeko neurriak hartu behar dira. Ahal dugun hesi seguruenak jarri behar ditugu, eta ez dadila hesi bat inoren gainean erori".

2018 09 14 sokamuturra sanbartolome elgoibar
"Eraso sexistarik gabe, Elgoibar aske!"
Jaietan berdintasunean eta sexu erasorik gabe ondo pasatzeko helburuarekin, eta herritarrak sentsibilizatzeko eta honelako gertaeren aurrean aktibatzeko kanpaina bat jarri zuen martxan Elgoibarko Berdintasunerako Sailak, Emakume Kontseiluarekin batera, "Eraso sexistarik gabe, Elgoibar aske!" lelopean. Abuztuaren 25ean Beldur Barik Gunea jarri zuten Maalako parkean, sexu erasoen aurrean prebentzio eta aholkularitza zerbitzua eskainiz. Eta Txiki Egunean, abuztuaren 27an, "Jaietan ere, ezetza ezetza da" photocall-aren 2. edizioa egin zuten. Iaz bezala, txapa eta betaurreko moreak banatu zituzten eraso sexistak salatzeko. Ildo berean, Berdintasunerako Sailak jaietako berdintasunaren inguruko diagnostiko bat egingo du eta behaketa horretako emaitzak aztertu eta gero, hobekuntzak proposatuko dituzte 2019ko jaietarako.
Alkohol eta drogen prebentzio programak eta Bitiltzarra ekimena
Beste urte batez, Udalak alkohol eta bestelako drogen erabileraren prebentzio programak jarri ditu abian parte hartzaileak alkohol eta drogen kontsumoaren arriskuez jabetzeko. Horretarako, Baserritarraren Egunean, alkoholaren inguruan informazioa emateko estand bat zabaldu zen 19:00ak eta 22:00ak bitartean (iaz 00:00ak eta 03:00ak bitartean izan zen). Ordu tarte horretan mugimendu handirik ez zela egon ematen du, eta datuek hala berresten dute. Guztira, 52 (25 gizonezko eta 27 emakume) izan dira informazio estandera hurbildu diren pertsonak. Aurreko urteetan 200dik gora izan ziren. Aurten gehien errepikatzen den adin maila 18 eta 30 urte bitartekoa da, guztira 24 parte hartzailerekin.

balorazioa sanbartolo alkohol taula elgoibar

Testing programa bat ere egin zuten jaietan, estreinakoz bi egunetan: abuztuaren 23an eta 25ean. Ai Laket! elkartekoek karpa bat jarri zuten Andonegi etxe parean 00:00ak eta 3:00ak bitartean. Edozein droga motatarako prebentziora zuzendutako estandera guztira 422 pertsona (168 gizonezko eta 264 emakume) hurbildu ziren. Halaber, erabiltzaile bakoitzak zeramatzan sustantzia desberdinen 25 test egin zituzten guztira. Analizatu diren sustantzien gehienak kokaina, haxixa eta estasia izan dira.

2018 09 14 balorazioa sanbartolo alkohol taula elgoibar bezpera datuak

2018 09 14 balorazioa sanbartolo alkohol taula elgoibar baserritaregun datuak


Botiltzarra ekimena
Botiltzarra izeneko ekimena ere egin zuten jaietan, estreinakoz Elgoibarren. Jubilatuen egunean eta Umeen egunean, abuztuaren 26an, lehen aldiz Elgoibarren gazte nerabe eta botiltzarra egiten duten orori zuzendutako Botiltzarra programa burutu zen. Ai Laket! Elkarteko 6 kide gazteek botiltzarra egiten ohi duten tokietara hurbildu ziren (19:00ak eta 00:00ak bitartean) prebentzio, kontzientziazio, eta alkohol kontsumoaren alternatibak sustatzeko aholkuak eskaintzera. Guztira 271 pertsonari (218 Elgoibarkoak) eta 46 kuadrilla desberdinengana jo zuten.
Ia istilurik gabe
Udaltzainburu Javier Oñederrak azaldu duenez, jaiak normaltasun osoz igaro dira, "ia istilurik gabe". Eskuhartze gehienak herritarrei zuzendutako laguntzekin (galdutako gauzak eta osasun arazoak), trafikoarekin (bide publikoaren erreserba eta zirkulazio istripu txikiak) eta segurtasunarekin (identifikazioak eta kale iskanbila txikiak) lotuta egon dira. "Beste urte batez, beraz, orohar giro ona, errespetua, bizikidetza ona, harmonia eta tolerantzia nagusitu dira", esan du. Ertzaintzan eta Udaltzaingoan jarritako salaketak hogei izan direla zehaztu du. Gehienak telefono mugikorrak lapurtzeagatik edo poltsak lapurtzeagatik. Mugikorra indarkeria erabiliz lapurtu zietela salatu zuten lau lagunek. Poltsen kasuan, labana bat erabiltzen ei dute lapurrek zorroa zulatu eta barrukoa osteko.
• Nobedadeak eta ikusle ugari kirol hitzorduetan
Kirolaren atalean, C.D. Elgoibar Preferenteko Ohorezko Mailara igo dela eta, abuztuaren 22ko ohiko partidua antolatzeko ahalegin berezia egin zuten. "Izan ere, aurten, aurkaria hirugarren mailako Real Sociedad C izan baita eta ikusleen emaitza arrakasta bat izan zen. Aurreko urteetan baino askoz jende gehiago joan zen Mintxetara". Egun berean ere Kultur Etxean kirol argazkien lehiaketako sari banaketa izan zen. Aurten guztira 55 lan aurkeztu dira. Abuztuaren 23an, Etxaniz Memoriala txirrindulari lasterketa ospatu zen, zeina lehen aldiz Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatzen duen Udako Criterium-erako proba puntuagarria izan zen.
Esku pilotak protagonismo berezia izan zuela sanbartolomeetan azpimarratu du Ane Beitiak. Lehen aldiz San Bartolome Txapelketa antolatu zuten eta Ikastolako frontoia "goraino betetzea" lortu zuen. Abuztuaren 24an Altuna III. Eta Aretxabaleta aritu ziren Irribarria eta Imazen aurka. Eta abuztuaren 26an, domekan, final handia jokatu zuten Altunak eta Aretxabaletak Olaizolaren eta Rezustaren artean. "Lehiaketak kritika oso onak izan ditu, izan ere, ikusleek datorren urtera begira berau mantentzea eskatu baidigute".

 * San Bartolome festak, argazkitan