Joan dira sanantolin jaiak ere

Barren.eus 2018ko ira. 3a, 14:00

San Antolin jaiak ospatu dituzte asteburuan Elgoibarko Arriaga auzoan. Aurtengoan ere ez da dema eta lehiarik falta izan auzoko festetan, eta hemen batu ditugu horietako emaitzak.

Hamairugarren Txapel Jaurtiketa jokatu zuten barixakuan jaigunean, Usatorre tabernaren aparkalekuan. Gerturatutako gehienek hartu zuten parte, eta pareko ibili ziren aurreko postuak lortu zituztenak, izan ere, proba irabazi zuen Casaresek 23 metrora jaurti zuen txapela eta honen ondoren egin zuen Gorritik 22,99 metrora. Emakumezkoetan Mari Carmen San Martin gailendu zen, txapela 14 metrora botata.

Txapel jaurtiketan lehia estua izan bazen, are estuagoa izan zen XI. Oliba-hezur jaurtitze txapelketan. Aritz Telleriak eta Aitzol Urainek 12,42 metrora bota zuten hezurra eta berdinketa hausteko proba Aitzol Urain mendaroarrak irabazi zuen. Emakumezkoetan Amaia Alonsok egin zuen jaurtiketarik luzeena, oliba hezurra 10,38 metroko distantziara jaurtita.
Mus, futbolin eta toka txapelketak
Zapatuan mus, futbolin eta toka txapelketak antolatu zituzten. Musean Manuel Salegi eta Jose Mari Zialtzetak osatutako bikotea izan zen onena. Toka jaurtiketan Aitor Osoro izan zen trebeena, nagusietan, eta Julen umeetan. Futbolinean Ekaitz Olaizola eta Iñigo Astigarraga gailendu ziren, eta Txabi eta Haritz umeetan.
Tortilla lehiaketa ere egin zuten zapatu arratsaldean eta Ainhoa Hermosak eta Ekaitz Olaizolak aurkeztutakoari eman zion lehen saria epaimahaiak.
Astoa nagusi giza proba taldearen aurkako deman
Urtero antolatu ohi duten demaren txanda izan zen gero. Iaz, Gorixoren 'Capitan' pony-ak irabazi zuen Mendaroko Tope Natxiok giza-proba talde mistoaren aurkako dema. Aurtengoan Txibilter astoak hartu zuen ponyaren lekua eta Jun edo lehertu giza proba taldearen aurka aritu zen deman. Astoak irabazi zuen, gutxigatik izan bazen ere. Txibilterrek 66 plaza, zinta bat eta bost metroko marka egin zuen 480 kiloko harriarekin. Giza proba taldeak, berriz, 65 plaza, bi zinta eta 2,97 metro egin zituen.
• Errifetako zenbaki sarituak
Honakoak izan dira zozketako zenbaki sarituak:

  • Lehen Sariko (bidaia bat) zenbaki saritua: 4406. Ordezkoa: 4077.
  • Bigarren sariako (janariz eta edariz betetako gurdia) zenbaki saritua: 2895. Ordezkoa: 2849

 •  ARGAZKI-BILDUMA: 2018KO SAN ANTOLIN JAIAK

2018 09 01 sanantolin elgoibar arriaga txapel jaurtiketa oliba irabazleak

2018 09 01 sanantolin elgoibar arriaga oliba jaurtiketa irabazlea aitzol urain

sanantolin elgoibar arriaga oliba jaurtiketa