Jaietako lehen tantak abuztuaren 22an

Barren.eus 2018ko abu. 22a, 14:49

San Bartolome bezpera abuztuaren 23an den arren, jai giroa hasi da jadanik Elgoibar hartzen.

Gune Askekoek makina bat ekintza antolatu dituzte gaurko. Erreka garbituz hasi dute eguna 12 lagunek. San Lorentzo Errekan ibili dira lehenengo eta Deba ibaian gero lanean eta lagun giroan bustiz. Askotariko zaborra atera dute: plastikoak, latak, burdinak, aulkiak, hesiak, seinaleak, musika aparailua... Txankakuako zubi azpitik, esaterako, burnizko 12 pibote atera dituzte.

Dena ez da lana, baina, eta jaietan bestelako ekintzak izaten dira nagusi. Gune Askean bazkaria izan da gero bertsolariek girotuta eta 18:00etan hasita urte hauetan guztietan gaztetxea egon den tokietan barrena ibilaldia izango da. Gauean, berriz, Maalan Liberen kontzertua.

Kultur Etxean ere hainbat ekintza izango da gaur. 19:00etan iaz jaiotako umeei ongi etorria egiteko saioa eta ondoren, kirol argazkien lehiaketako eta  jaietako kartel lehiaketako sari banaketak.