Santana eguna umore eta giro onean pasa zuten mendaroarrek

Barren.eus 2018ko uzt. 27a, 18:53

Meza, prozesioa, erromeria, bertso saioa, herri kirolak, mariatxiak eta Gozategiren kontzertua. Horrela labur daiteke Santana Eguna, baina egitarauko ekintzen gainetik mendaroarren festarako gogoa nabarmendu behar da.

Hurrengo eguna lan eguna zenez, ez zen jendetzarik batu Santana Egunean, baina festaz gozatu ahal izan zutenek bizi pozez bete zituzten Mendaroko txoko desberdinak. 

Azpilgoetatik Santanara egin zuten prozesioarekin hasi zen Santana Eguna ostegunean. Han, meza ospatu ostean, bertso saioa eskaini zuten Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek, Mendaro aspalditik eta sakon ezagutzen duten bertsolariak biak. Hain da horrela, Angel Bazterretxea abadeagatik ere galdetu zuela bertsolari zarauztarrak. Eta ez hori bakarrik, Bazterretxearen etxera bisita egin zuen Egañak.

Arratsaldean Mendaroko zaleak ase zituen herri kirol saioa izan zen Goñati pilotalekuan. Gipuzkoako Lehenengo Mailako Aizkolari Txapelketako finala jokatu zuten zazpi aizkorarik, eta mendaroarrek etxekotzat duten Ugaitz Mugertza mutrikuarrak irabazi zuen jokoan zegoen txapela. Frontoian batutakoek emozioz gainezka bizi zuten aizkora saioa, goiko bideoan ikus dezakezuen moduan.
Mariachi Imperial Eleganciako kideek eskaini zuten kalejirak kantuan jarri zituen mendaroarrak, eta mexikarrek Mikel Laboaren abesti bat ere kantatu zuten euskaraz (goiko bideoan). Mariatxi doinuek trikiti doinuei egin zieten lekua gauean, Gozategi taldeak eskaini zuen kontzertuan. Ekaitzak bete betean harrapatu zuen emanaldia, baina ez zituen zale guztiak uxatu.

∞Lotura duten albisteak:

2018 07 26 santanak mendaro santana eguna kalejira

2018 07 26 santanak mendaro santana eguna trikiti

2018 07 26 santanak mendaro santana eguna mariatxiak

2018 07 26 santanak mendaro santana eguna donangel andoni egana