427 lagunek eman dute izena Kuadrillen Eguneko bazkarirako, inoiz baino gehiagok

Barren.eus 2018ko uzt. 24a, 11:46

Goñati pilotalekua jendez gainezka egongo da santana jaietako Kuadrillen Egunean, uztailaren 28an. Sekula baino lagun gehiagok eman dute izena herri bazkarirako. Lurraldebusek gaueko autobus zerbitzua eskainiko du Mendaroko jaietan.

Estreinakoz pasa du 400 lagunen langa Kuadrillen Eguneko bazkarirako izenemateak. 427 lagunek eman dute izena herri bazkarirako. Paella lehiaketarekin hasiko da Mendaroko Kuadrillen Eguna, uztailaren 28an. 12:30ean hasi beharko dituzte sukaldeko lanak eta 14:30erako amaituta egon beharko dute paellek, herri bazkaria 15:00etan hasiko baita. 

2017 7 22 santanak kuadrillen eguna bazkaria 2017 frontoian

• Vendettaren agur birako kontzertua, Santio Egunean
Santanak asteazkenean, uztailaren 25ean, hasiko dira Garagartzako elizan ospatuko duten meza nagusiarekin, 12:00etan. Festei hasiera ofiziala, baina, 19:30ean udaletxeko balkoitik jaurtiko duten txupinak emango die. Aurten, BARREN aldizkariak piztuko du txupina, 25 urte bete dituela-eta. Txupina jaurti ostean, Katasorgiña jaitsiko da eta 2017an jaiotako umeei ongietorria egingo diete udaletxeko udalbatza aretoan. Gauean nagusien danborradak eta Mauxitxa txarangak girotuko dituzte kaleak, eta ondoren, Egurra etra Kitto eta Vendetta taldeen kontzertuak izango dira Herriko enparantzan. Aurten agertokiei agur esan behar dietela iragarri du Vendettak, 2009an Nafarroa Garaian sortu zuten taldeak. Beraz Mendarokoa aukera ona izango da ska eta punk doinuak jotzen dituen taldea entzuteko, Sakanako talde honek hamar urteko ibilbideari agur esan aurretik.
Gaueko autobus zerbitzua
Lurraldebusek gaueko autobus zerbitzu berezia eskainiko du Mendaroko jaietan (uztailak 25, 26 eta 28an). Mallabia eta Ondarroa artean zerbitzua ematen duen DB44G autobus lineak eskainiko du zerbitzua. Ikusi hemen ordutegia -PDF-

2018ko Mendaroko Santa Ana jaiei buruzko informazio osoagoa BARREN aldizkariko gehigarri berezian -PDF-

2018 07 23 mendaro santanak egitaraua