BARRENek botako du txupina Mendaroko santanetan

Barren.eus 2018ko uzt. 5a, 12:58

Mendaroko Udalak BARREN aldizkariari eskaini dio santana festetako hasierako txupina botatzeko ohorea, 25 urte bete ditugula eta. Uztailaren 25ean izango da txupinazo-jaurtitzea, 19:30ean.

Mendaroko Udalak honela azaldu du txupina BARRENek botatzeko erabakia: "BARRENek bestelako hedabideetan sekula lekurik izango ez luketen protagonistei egin die lekua. Erakutsi du denok dugula zer kontatua eta herria herrtritarrek egiten dutela. Askoren begietara anonimoak direnak izen-abizendunak dira BARRENentzat, benetako protagonistak Mendaroko historian, eta haien ahotik osatu du memoria bizia, beraz, hemendik gure esker ona herri hau are herriago egin zuten eta egiten duzuen guztiei. Mila esker, bihotzez".

25. urteurrenarekin batera iritsi zaigu santanei hasiera emateko aukera. Hau ohorea gurea! Eskerrik asko, beraz, Mendaroko Udalari akorduagatik, eta eskerrik asko, era berean, 25 urte hauetan BARREN babestu duzuen mendaroar guztioi. 1993ko urriaren 1ean zabaldu zion Elgoibarko Izarraren proiektu honek atea Mendarori, Kilibarren hilabetekaria sortuta. Ordutik, asko izan zarete BARREN edukiz bete duzuen izen-abizendunak, batera zein bestera, aldizkari honi zuen onena eman diozuen kolaboratzaile finak, eta gero eta gehiago zarete astero-astero portaleko atea zabaltzen diguzuen harpidedun eta irakurleak. Estimatuta dago! Mendarok badu izana, badu nortasuna eta badu zer kontatua, eta jarraitu nahiko genuke horren lekuko izaten, zuekin batera herri honen historia urte luzez euskaraz idazten.
Baina jarri dezagun gaur jaietan begia, konturatzerako gainean ditugu-eta. BARREN egiten dugun guztion partez, izan daitezela santana zoriontsuak denontzat eta ospa ditzagula elkarrekin, libre, bizi eta elkarrenganako errespetuz. Askatu barrenak, erabili burua, astindu besoak, mugitu gerriak eta dantzatu mingainak euskaraz! Barren-barrenetik, muxu eta aupada bana mendaroarroi eta festara batuko zaretenoi. Gora Mendaro, eta gora santanak!
BARRENen idatzi edo kolaboratzaile izan diren mendaroarrekin hartu-emanetan dabil BARREN txupinazoa elkarrekin ospatzeko, eta txupina bota aurretik guztiok elkarrekin argazki bat ateratzeko.

Txupinazoa uztailaren 25ean izango da, udaletxeko balkoitik, 19:30ean. Bizi Poza txarangak alaituko du erraldoi eta buruhandien laguntzarekin. Gero, Katasorginaren jaitsiera izango da.