Eguraldiaren laguntzarik gabe baina giro onean joan dira sanpedroak

Barren.eus 2018ko uzt. 3a, 10:12

Aire librean ospatzen diren festek beharrezkoa duten eguraldi onik gabe ere "primeran" ospatu dituzte San Pedro jaiak Idotorbe auzoan, antolatzaileek azaldu dutenez.

Sainduarekin prozesioa eta meza nagusia egin zituzten San Pedro Egunean, joan den barixakuan, eta harrezgero festan murgilduta ibili dira Idotorben. Barixaku iluntzean San Pedro idi dema saria jokatu zuten auzoko probalekuan, estreinakoz gauez. Hiru idi pare aritu ziren lehian eta Orioko Olidenenak gailendu ziren. 900 euro, mantak eta Elgoibarko Udalak emandako garaikurra eraman zituzten etxera. Ixidro erretegiaren idi pareak egin zuen bigarren markarik onena eta Kamiñokorenak sailkatu ziren hirugarren.

Zapatu arratsaldean beste lehia mota batekin hasi ziren egitarauko ekintzak, IX. Mus Txapelketa jokatu zuten San Pedro elkartean, eta loiolatarrak izan ziren nagusi. Zapatu gauean Obaneuke taldearekin erromeria egin zuten. Eguraldiak laguntzen ez zuenez, San Pedro baseliza barruan jo behar izan zuen taldeak, baina ez zen dantzan ez egiteko aitzakia nahikoa izan eta giro polita jarri zutela azaldu dute antolakuntzako kideek. Sahatzu harategiak goizaldean eskainitako doako parrilladarekin amaitu zen erromeria.
Domekan dantzan jarraitu zuten auzotarrek, Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideekin batera egin zuten dantza saioan. Arratsaldean umeentzako jolasak eta Rusoren zezen txikiak izan ziren, besteak beste.
• Zozketetako zenbaki sarituak
Bi sari zozketatu dituzte San Pedro Jaietan. Batetik, janariz eta edariz betetako gurdia. Dagoeneko azaldu da zenbaki irabazlearen jabea, Joxe Migel Ansola (ikus hemen) eta eraman du etxera. Bestetik, Zumaiako Zelai tasasoterapian bi lagunentzako seioa eta bazkaria zozketatu zituzten. 3377 zenbakiaren jabeak eskuratuko du saria. Hamabost egun ditu saria jasotzeko. Txartelean ageri den telefono zenbakira deitu behar du. Ordezko zenbakia 2481 da.

2018 07 01 sanpedro jaiak idotorbe elgoibar haritz 1