Azaletik BARRENera, ez egin planik maiatzaren 25erako

Barren.eus 2018ko api. 20a, 09:48

BARRENeko azal-orrian agertu diren lagun guztiak eta gehiago batuko ditugu Kalegoen Plazan, maiatzaren 25ean.

BARREN aldizkariak 25 urte bete dituela ospatzen dihardugu aurten eta herritar guztiokin ospatzeko jaia antolatu dugu maiatzaren 25erako. 1992tik argitaratutako azal-orri guztiak aterako ditugu plazara, 1077 ale, aste horretakoa zenbatuta.18:00etan azal-orriak banatzen hasiko gara, gero, nork bere lekua hartzeko plazan. Azaleko pertsona bat lotzen ari gara, baina helburua bada plazan ahalik eta jende gehien batzea ere. Horregatik herritar guztiak deitu nahi ditugu parte hartzera. 19:00etan argazkia aterako dugu. 

• Kantu-dantza afaria Angel Marizkurrenarekin

Jaiak Maalan izango du segida. 21:00etan, kantu-dantza afaria izango da, Angel Marizkurrena abeslariarekin. Duela hamabi urte hasi zen kantu bazkariak antolatzen, eta Dantxarineako Benta Peion, urtero arrakasta itzelez egiten den Kanta Zaharren Eguna ekimenaren bultzatzailea da. Bazkari, afari eta kontzertuak antolatzen ditu, baita Benito Lertxundi eta beste punta-puntako abeslariekin ere, eta sanferminetan Iruñeko Baluarte Biltzar Jauregia goraino bete du azkeneko urteetan ‘Iruñea Kantuan’ saioan. Afarirako txartela eskuratu beharko da. BARRENen edo Elgoibarko Izarraren bulegoan (Ubitarte, 2) lortu daitezke txartelak, apirilarehn 23tik maiatzaren 21era bitartean. 16 euro ordaindu beharko dira.

‘Zer eman dio BARRENek herriari?’ mahai-ingurua

Mahai-inguru bat ere antolatu du BARRENek maiatzaren 29rako. Besteak beste, ‘Zer eman dio BARRENek herriari?’ galderari erantzungo diote hiru lagunek: Ane Odria, Aitor Gisasola eta Agurtzane Garcia. Ainhoa Lodosok aurkeztuko du 19:00etan hasiko den mahai-ingurua.