Herriko gazteentzako Anbolo Eguna festa antolatu dute apirilaren 21erako

Barren.eus 2018ko mar. 19a, 14:54

Elgoibarko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria Sustapeneko Sailak prestaketa lanetan parte hartu nahi izan duten herriko hainbat gazterekin elkarlanean antolatutako jaia izango da Anbolo Eguna. Apirilaren 21ean, zapatua, egingo dute gazteentzako festa egun honen estreinako ekitaldia. Besteak beste, abentura parkea, herriko musikari gazteen kalejira, herri bazkaria Maalako parkean, txaranga, kontzertuak eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte. 

Gazteentzako jai hau antolatzeko, Elgoibarko Udalak 18-31 urte bitarteko Elgoibarko hamabi laguneko gazte talde batekin izandako elkarlana eta herriko elkarte eragile ezberdinekin izandako lankidetza "oso garrantzitsuak" izan direla azaldu dute eragileek. Era berean, nabarmendu dute "ezinbestekoak" izan direla Morkaiko Mendizale Elkartearen eta Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolaren laguntza.
• Zergatik Anbolo?
Elgoibarren horren ezaguna izan zen Anbolo loroaren omenez jarri diote izena gazteentzako festa egunari. "Anbolo loritoa berpiztu nahi izan dugu, eta herriko pertsonaia moduan aurkeztu. Jakina da Anbolo nahiko bihurria eta 'maketoa' zela, baina hil eta hamar urtera, pertsonaia euskaltzale eta esker oneko bezala itzuliko da".
Egun osoko egitaraua
Anbolo eguna elgoibar kartelaEgun osoko egitaraua prestatu dute apirilaren 21erako. Goizean goiz Kalegoen plazan jarriko duten abentura parke batekin hasiko da eguna. Bertan, tirolina bat izango da San Bartolome elizatik plazaren erdiraino, eskalada egiteko aukera ere izango da, eta futbolin erraldoi bat muntatuko da frontoian, Morkaiko Mendizale Elkartearen laguntzarekin. Horren ohikoak ez diren kirolak ezagutarazi eta herriko plazan praktikatzeko aukera eskaini nahi izan dute antolatzaileek
Eguerdi aldera, txupinazoa jaurtiko dute Kalegoen plazan, eta Anbolo jaitsiko da Elizako balkoitik behera. Ondoren, herriko trikitilari eta pandero-joleek kalejira egingo dute, eta 15:00ak aldera herri bazkaria egingo da Maalako parkean. Bazkal ostean Bingo solidarioan parte hartzeko aukera izango da. Bertan batuko den diruaren erdia, saritan banatuko da eta beste erdia, Nuala Elkarteari emango zaio. Nuala elkartea 2017an sortu zen Elgoibarren Aniztasun Funtzionala duten pertsonen inklusioaren alde borroka egiteko helburuarekin.
Arratsaldean, dantza saioa eskainiko du Dj IonSan-ek. Gero, Inazio Bereziartua Musika Eskolako BetiSUA txarangak jarriko du musika eta Kittu taldearekin kalejira egingo da Maalako parketik Kalegoen plazaraino. Tartean, Lorituaneko aldapan talde argazkia ateratzeko unea izango da.
Iluntzean, kontzertuen gunea izango da Maalako parkea. Lehen kontzertua Nerabe taldeak emango du. "Talde honek Toki-on izeneko kanta aurkeztu zuen 2017ko udan, eta Top Gaztearen lehen postuetan mantendu zen hainbat astez". 80. Hamarkadako indie rock ukitu, erritmo dantzagarri eta abesti zuzenak eskainiko dituzte, Sara Zozaya taldeko liderraren ahots bereizgarria lagun dutela. Ondoren, Little Martin Selekta DJak jarritako musikak girotuko du Maalako parkea, eta eguna bukatzeko, DJ Jotatxok, euskal musika dantzagarrienekin sortutako dantzaldia eskainiko du.

Bazkariko tiketak erosteko 
Bazkaritarako txartelak Interneten jarriko dituzte salgai, www.labur.eus/anboloeguna webgunea, 17 euroan. Bi menu izango dira, horietako bat barazki-jaleentzako. Bazkariko prezioaren barruan, ondoren egingo duten bingo solidarioan parte hartzeko kartoi bat ere sartuko da.
Izen ematea bakarka edo taldean egin ahal izango da. Bazkariko erreserba egiteko azken eguna apirilaren 8a, domeka, izango da. Kontuan izan erreserba behin betikoa izan dadin, galdetegia erantzun eta ordainketa eginda egon behar dela. Plaza mugatuak dira, beraz, lehenbailehen erreserba egiteko gomendioa egin dute antolatzaileek.

anboloeguna 2016 09 28 raid debabarrena elgoibar manu sanchez tirolina1