Mozorroak, musika eta dantza Inauterien osagai

Barren.eus 2018ko ots. 8a, 22:41

Inauteriek hartuko dute lekua Elgoibarko eta Mendaroko kaleetan eta martitzenera arte mozorro eta jai girorik ez da faltako.

Mendarok ekingo die jaiei, barixakuan, 15:00etan Ikastolako jaialdiarekin. Jaia gozatzeko, gainera, Arno Guraso Elkartekoek txokolate ogitartekoak emango dizkiete umeei. 

inauteriak 2018 egitarauaElgoibar Ikastolakoak, joan den asteko santa eskearekin gertatu zen moduan, ez dira kalera irtengo eta ikastetxe barruan antzeztuko dute Euskal Inauteria 15:30etik aurrera, barixaku arratsalderako euria iragarrita dagoela-eta.
Ikastetxeetan ezezik mozorro festa ludotekako bazkideek ere izango dute barixaku arratsaldean. Aurrez prestatutako mozorroekin lehiaketa egiteaz gain, merienda eta dantzaldia ere egingo dituzte.
Dantzari musikak hartuko dio lekua urtero bezala Sinuosek aurtengorako ere inauterietako kontzertu berezia antolatu baitu. 23:00etan izango da Kultur Etxeko sotoan.
• Zapatuan egunez eta gauez
Zapatuan ere Mendaron hasiko dira eguerdian Bizi Poza txarangaren kalejirarekin. Arratsaldean, dantza festa, txokolatada eta diskoteka izango dira Goñatin. Mozorrotzeko makillajea ezinbestekoa izaten da gehienentzat eta Gaztelekuan makillatzaile profesional bat egongo da gazteak apaintzen 15:00etatik. Arratsalderako beste makina bat ekitaldi antolatu dituzte: Atxutxikaraokea eta koreografiak Maalan; mozorroen eta karrozen desfilea, Mauxitxa txarangarekin eta erraldoi, buruhandi eta zezenzikletekin Maalatik Kalegoen plazara; eta han koadrilentzako jolasak. Gauean, berriz, erromeria egongo da Maalan 00:30ean Fan&Go taldearekin. Domekan ere dantzak izango du tokia Eguren orkestrarekin 18:00ean Jubilatuen Biltokian. 

• Martitzenean amaiera

Martitzenean ere dantzarako elkartuko dira erretiratuak ordu berean eta mozorroen lehiaketa ere egingo dute. Umeek, berriz, txotxongiloak ikusi ahal izango dituzte, Kontu kantariren Mendian ibiltari ikuskizunean eta oroimenean ditugun kantuak doinu eta erritmo berezietan entzuteko aukera eskainiko dute Herriko Antzokian. Martitzenean Mendaron haur parkea ipiniko dute arratsaldean frontoian. Elgoibarren, berriz, jendea mozorrotuta elkartu eta kalejira egin ondoren, Kantu Kolore haur berbenan dantza egingo dute. Inauteriak Mauxitxa txarangaren kalejirak itxiko dituzte.

 inauteriak elgoibar gospel

inauteriak mendaro zirkua

Lotura duten albisteak: