Aurreratuta dator aurten Mendaroko Kontzezio Azoka

Barren.eus 2017ko aza. 28a, 21:55

Abenduaren 2an, datorren zapatuan, izango da aurten Mendaroko Kontzezio Azoka. (egitaraua dauka)

Abenduaren 8an ospatzen da berez Kontzezio eguna, eta normalean Konstituzio eguneko jai-zubiaren bueltan izaten da urtero egun horri lotutako azoka, baina aurten, abenduaren 8a barixakua izanda, aurreratzea erabaki dute, jai-zubian jende asko herritik kanpora joango delakoan.
9:30ean zabalduko dute azoka. 11:00etan hasiko da VII. Sagardo Lehiaketa, eta ordu berean hasiko dira Baserrira Gerturatzen izeneko tailerrak. NIREAko kideek (Euskadiko Landagune eta Hiriaren bilgunea) eskainiko dituzte umeei baserria ezagutarazteko tailerrok.
Mendaroko trikitixa dantza taldearen kalejira 12:00etan hasiko da eta 12:30etik aurrera Izetako idiek gidatutako gurdian ibiltzeko aukera izango da. Goiz partean, 13:00etatik aurrera, Usansoloko Joaldunak arituko dira kalejiran, eta sari banaketak hasiko dira gero.
Arratsaldean izango du jarraipena azokak. 18:00etan dantza saioa eskainiko du Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldeak, eta herriko alaba Maite Maiora Munduko txapeldunarentzat esker oneko ekitaldia ere antolatu du Mendaroko Udalak.

Informazio osoagoa: mendaro.eus

2016ko Kontzezio azoka iruditan

kontzezio azoka 2017 egitaraua

kontzezio azoka 2017 idi gurdia umeak mendaro