Errosariko Ama Birjinaren eguna da urriaren 7a, zapatua, eta Errosarioko kalean jairik izango ez den arren, Haritz Euskal Dantzari Taldekoek urteroko tradizioari eutsiko diote eta Errosarioko amaren aldeko ezpata-dantza dantzatuko dute meza ostean.
12:00etan izango da meza nagusia Elgoibarko parrokian, eta ondoren, irtengo dira dantzariak kalera, segizioarekin batera. Parrokian hasi eta San Frantsizko kaletik eta Errosario kaletik pasata, plazan amaituko dute ibilbidea. Bidean, hiru geldialdi egingo dituzte: Kultur Etxe aurrean, Errosariko Ama Birjinaren parean eta Kalegoen plazan. Duela 500 urteko tradizioa da Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideek 2009an berreskuratu zuten ezpata dantza.
• Txokolate jana, barixakuan
Errosario kaleko jaiak direla eta, Elgoibarko Udalak, Gabi Tabernaren laguntzarekin, txokolate jana antolatu du barixaku honetarako (urriak 6). 17:00etan izango da, Kultur Etxe parean. Adin guztiei zuzendutako ekimena dela nabarmendu dute Elgoibarko Udaleko Kultura sailetik, eta festa giroaz gozatu eta ekimenean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.